AMETSA
Zalduna zaldi gainean. Lauhazka bizian. Zaldi iluna, ia beltza. Zaldiaren kokotetik behera zauri zabal sakona. Hain zabal eta hain sakona, ezen burua lepoko tendoi eta zainezko hari finetatik eskegita daraman. Zalduna, korrikaldiaren andara biziarekin batera mugitzen ari da zaldi gainean. Zaldiaren buruak ere mugimenduarekin bat egiten du, gora eta behera, gora, behera, gora, behera, samako haragi hari soil eta sotilek eutsita, eskegita.
Neu naiz zalduna, gainean noa eta, aldi berean, neure burua pasatzen ikusten ari naiz. Protagonista eta ikusle orojakilea naiz.
Kartoizko zaldiaren itxura dauka kanpotik, antzina herrietako ferietan lasterketan zebiltzan kartoizko dromedarioen antzera. Baina zaldia ez da kartoizkoa, gainean noa muntaturik, zaldiari ordenak emateko batere balio ez duten bridei helduta.
Lauhazka gero eta arinagoan. Irudi espektralari ez dio zaldunak, ez diot nik, erreparatu, normaltzat daukalakoan nago, normaltzat daukat. Zaldia ez ezik, zalduna ere hildakoen mundutik etorri al da?
Izerdi plotan esnatu naiz.