EMAKUMEA IZATEN IKASTEN
Adierazgarria da norberaren amak behin baino gehiagotan erakustea, baita ahoz azaltzea ere, gizona izatea askoz hobea dela. Eta hori, bere horretan, egia esatea besterik ez bada ere, norberaren amari behin baino gehiagotan entzutea gizon izatea gurago zuela benetan da gauza iluna, azaren azpiko orriak baino ez direla kodifikatzen duten belarrientzat.
Ez gaitezen engaina, emakumea izatea ez da zorionekoa. Beltza izatea, pobrea izatea, langilea izatea, hego hemisferiokoa izatea, transa izatea, itsu edo gorra izatea... Badirudi biztanleriaren gehiengoa izatea ez dela zorionekoa.
Harrigarria izan daiteke, baina aitarengandik jaso nituen benetan baliagarriak suerta daitezkeen bestelako ikaskizun batzuk. Bat gogoratzen dut bereziki: gizon bati labana sartu behar banion, ez hartzeko arma pelikuletan egiten duten moduan, hau da, goitik apuntatzen eta parte zorrotza atzerantz. Labanak zuzen hartu behar dira, zorrotza gorantz, atzetik apur bat ezkutaturik eta inpultsoa bilatuz, eta sabel partera zuzendu. Goitik eginez gero, edozein gizonentzat erraz izango litzateke labanaren ibilbidea eten eta eskutik kentzea. Sabelean egiten diren zauriak, bestalde, mingarriak ei dira oso; gainera, zorte apur batez, hor barruan dauden organo inportanteetako bat jo nezake. Irakaspen erabilgarria benetan. Orain arte erabili behar izan ez badut ere. Baina garrantzitsuena izan zen, hori jakinda, neure burua ataka horretan imajinaturik, boteretsu sentitu nintzela. Neure burua babesteko gai, beldurra uxatzeko jakinduria baten jabe. Telebistako nesken ahuldadearekin konparaturik, ni indartsua nintzen. Ezin izan nion aitari sekula esan autodefentsa feministako lehenbiziko ikaspena berak eman zidala oraindik ume mokoa nintzela.
Aitzitik, aitarentzat ez zen erraza erantzutea zergatik jausten ziren bidean arrisku batetik korrika egiten zuten pelikuletako neska guztiak. Erantzun egokirik topatu ez eta erantzunik gabe gelditu zen galdera, salako gortinetatik eskegita.
Amaren gutxiagotze ulergaitzak eta aitaren azalpenek zein azalpen falta adierazezinak munduan zerbait txarto zegoela argitu zidaten. Orduan ez nekien zer zen eta ezin nion izenik eman, baina, banekien nire generoarekin zerikusia bazeukala eta, zelanbait, gauzak erraz izango ez nituela iradokitzen zidan.