DESERRIA (II)
Deserriratutakook okupatu genuen herri hau. Gu, belarri motzak, gu, koreanoak, gu, mantxurrianoak. “Nongoa zara?” galdetzen zidaten eta tarte luze batez “Bilbokoa” erantzun izan nuen. Ez nuen “Barakaldokoa” esan nahi, zorioneko kanta berriro ez entzutearren. Jon Sarasuak, barakaldarra izanez gero, ondo jakingo luke gure “bisabueloek” ez zekitela euskararik.
Deserritik deserrira etorri ginen. Edonon gaudela, deserrian bizi garelako. Txikitako kanta, joko, esamolde eta atsotitz bako hizkuntzaz bizi gara. Horrelakoxea da gure euskara, hizkuntza mutilatua. Gure ama hizkuntza ere ez da hizkuntza, beste inork ulertzen ez duen idiolektoa baino. Horrelakoxea da gure erdara, gaztelera estandarretik urrun. Apurka-apurka gastatuz, arrailduz eta ahaztuz doazen berba kuttunak dira, beste berba batzuek haien tokia sekula bete ezingo dutela jakinik.
Ingurukoek abertzale eta espainol bereizten duten herrian eskuma eta ezker banatutako mundu ikuskeraz bizitzea ere bada deserria.