NORBERAREN BARRUTIK AT
Inguruko guztia arrotz. Kaleak, seinaleak, autoak, pertsonak, zebrabideak... benetakoak ez balira bezala, errealitatea irudikatu nahiko lukeen errealitate birtualean banengo bezala. Norbera ere birtuala balitz bezala. Hankak, eskuak, besoak, pentsamenduak, dena arrotza.
Izakia izan banintzela lehenengo aldiz konturatu nintzenean antzera sentitu naiz gaur. Kale bat zeharkatzen ari nintzen, aitaren eskutik helduta. Eta bat-batean ezer ez zen ezer. Neure buruaren kontzientzia hartu, biziaren automatismoa lipar batez eten eta, automatismo hori gabe, bizia amildegia, amildegi hutsa, besterik ez zela ikusi nuen.
Munduaren arroztasuna neure buruarekiko arroztasuna ordezkatzera etorri zen aspaldi. Habia bigunagoa da, norberaren identitatearen xerka abiatzea baino.
Antzeko sentsazioa izan da gaurko egun osoan, baita erosketak egin bitartean ere. Nire eskuek apaletatik hartu eta otzarara sartzen zuten produktu bakoitza benetan existituko ez balitz bezala, neure eskuak ere nireak ez balira legez; buruak agintzen dituen pauso automatikoak egin baino, indar arraro batek mugituko banindu bezala. Nire barrutik at, barru hori zein den oraindik ez dakidala.