BETI EGIN DAITEKE HOBETO
Harritzen nau zelan akatsek ez duten besteentzat hainbesteko garrantzirik, zergatik ez diren eurentzat oztopo, zelan egin dezaketen ez ikusiarena eta besterik gabe aurrera jarraitu. Harritu eta haserretu ere bai, haserre horren nondik norakoak azaltzea zaila bada ere.
Eskarmentuak erakutsi dit, edozer egiten dugula ere, emaitza ez dela inoiz perfektua, detaileren batek beti kontroletik ihes egingo digula. Hori kontuan hartuta, perfekzioa bilatu badugu, emaitza ona izango da. Aitzitik, ondo egitea baino ez badugu bilatu, seguruena da emaitza, ona baino, eskasa izatea. Militantzian ondo konprobatu ahal izan dut: “Ondo” egiteko asmoaren atzean “ahalik eta errazen” ezkutatu ohi da, emaitza, azken batez, ez zaigulako larregi inporta. Nork bilatzen du perfekzioa? Inork ere ez. Zertarako?, galdetuko lukete, jendeari berdin badio.
Alfred Adlerren teoriaren arabera, gutxiagotasun sentimendua beti da oinarria nork bere burua hobetzeko edo ezartzen dituen helburuak erdiesteko. Perfekzionismo grinaz ere aritu zen nork bere burua hobetzera bultzatzen duen motibazio indarra azaltzeko. Helburu bat finkatzekotan, zergatik konformatu edozein helbururekin? Zergatik ez jo gero eta gorago? Beti egin daiteke hobeto.