HERIOTZAZ
Joan, alde, mundu honi ihes egin. Norberaren heriotzan pentsatzea durduzagarria da berez. Hala ere, gure Miren Agur samur eta zuzenak bere liburuan esan bezala, ez da gauza bera heriotzan pentsatzea eta hil nahi izatea.
Pentsamendu horretan hurrengo pausoa egiten denean, zerbait abstraktu izatetik, konkretatzera pasatzen denean, heriotza posiblea da, benetan dago eskura. Alde egiteko mekanismo mentala izateari utzi eta egiazko aukera bihurtu da.
Koldarkeria deitu izan zaio askotan. Ausardia, bizitzeko behar dela. Joatea bide erraza hartzea baino ez dela. Baina, zer da funtsean? Aukeraketa baino ez. Segi ala eten. Instintuak segitzera eroaten gaitu, eteteak biziraupen instintua iraultzen du. Eta iraulketa guztiak dira ordenarako beldurgarriak.
Heriotza aukera benetan agertzen denean, ez da harrezkero gerokoan pentsatzen. Handik aurrera gertatu behar den guztia irudipenetik desagertu da. Gerora lotzen gaituen sokatik askapen sentimendu bete eta borobila. Berez, ez da ezer egongo. Lasaitasun horrexek hurbiltzen du heriotzara. Ez kezkek, ez buruhausteek. Hustasun premia eta ez konponbide nahia. Hutsa, ezereza, desagerpena.
Emakume idazle askok egin dute euren buruaz beste. Malenkonia, bakardadea edo isolamendua arakatu izan dira hauen bizitzetan. Suizidiora edota zoramenera zerk eroan dituen bilatzeari ekin zaio. Psikologikoki desorekatuak izan dira. Askotan. Oro har. Horren guztiaren atzean lausoturik gelditu dira maiz. Andreak eta euren obrak.
Gizonezko idazle askok egin dute euren buruaz beste. Alkoholikoak, drogazaleak, gutxitan psikologikoki desorekatuak. Adituek dixerunt.
Heriotzatik hurbil, hain hurbil... Betazaletatik barrurantz zeharkatu eta behatzetaraino igarri ahal izan dut. Habia egin dit barrenetan. Deika eta deika eta deika. Egunak eta egunak eta egunak... asteak, hilak, urtebete. Eta ni nagi. Kasu egin nahian eta, hala ere, nagi. Alfer.
Argi izpi batek gela gurutzatu du. Heldu egin natzaio. Momentu bat izan da. Baina ez bere seme-alabak jaten dituen momentu kronologikoa. Denbora eternoari dagokion momentu eternoa baino. Izpi horri tiraka, eta erreka haizea dabilenez, heriotzatik aldentzeko, heriotzara hurbiltzea deliberatu dut.