ALAZNE ETA AINARA
Ainara ez da andre oso azkarra. Lauzpabost orokorkeria nahikoak ditu bizitzan moldatzeko. Orokorkeria horiek, esan barik doa, beste nonbait edota beste norbaiti entzundakoak dira. Horrelako jendea ere gustuko du Agurnek. Gregarioak.
“Gregario” berba eskolan ikasi nuen, Sociales liburu urdin batetik. Ezagutu bai, baina izendatu ezin nuen jokamoldea behingoz adierazteko balio izan zidan.
Sekula beren buruari galderarik egingo ez dioten eta sekula markatutako gidoitik ateratzera ausartuko ez diren gregarioak beharrezkoak dira. Erabilgarriak.
Alazne ez da Ainara bezalakoa. Dirudien baino hobeto ulertzen ditu bere inguruan gertatzen direnak, ezkutuko arauak eta jarraibideak. Alazneren burutik inoiz edo behin toxikotasunetik aldentzea pasatu da. Baina Alaznek Aimar maite du.