BEKATUEN KONFESIOA
Eskolan Jainkoaz aritzen ziren, Jainko krudel eta zigortzaile batez. Horregatik, akaso, hartzen zuten eurek, Jainkoaren zerbitzariak ziren heinean, paper horixe Lurrean.
Eskolako kideen gurasoak sinestunak ziren, ama batzuk katekistak ziren, besteren batek Joan Paulo II.a aita santu antikomunista eta atzerakoiaren erretratua zeukan horman eskegita. Wojtila eta Ratzinger, askapenaren teologiaren kontrako borrokalari sutsuak. Gurean ez zen otoitz egiten, ez zen elizara joaten, Biblia bat geneukan liburuen apalategian, Koranaren eta mitologia liburuen alboan.
Eskolan bai. Eskolan jainko eta santuak, kanta eta erreguteak ama birjinari, gurutzeak nonahi... Sinistu ala ez, ezbaian pasatu nuen denboratxo bat. Nahasirik nengoen. Hala ere, estasi mistikoak hiruzpalau egun baino ez zidan iraun; gauez, lotara orduko, otoitz egin nuela gogoratzen dut. Laster erabaki nuen jainkoa ez zela existitzen, eta, edozelan, existituz gero, nik infernuaren zigorrik ez nuela merezi.
Plantak egin behar izan nituen handik aurrera.
Hipokrisia txiki bat, bizirauteko bestekoa.
Klasean mojekin egunero-egunero otoitz egiten bagenuen ere, zenbait egun berezitan abadea etortzen zen meza emateko.
Eliza ilun, heriotza argi hila ematen zuten kandelak nabarmentzen ziren.
Sartu. Zutundu. Kantatu. Aitaren egin.
“El señor esté con vosotros”. “Y con su espíritu”.
“Por mi culpa, por mi culpa, por mi grandísima culpa”.
“Dios todopoderoso tenga misericordia de nosotros, perdone nuestros pecados y nos lleve a la vida eterna”. “Amén”.
“Señor ten piedad”.
“Cristo ten piedad”.
“Oremos hermanos”. “Te rogamos óyenos”.
Abadea eskolan zegoenean, egunez egun ordena eta zigorra gorpuzten zuten abitudun haiek oilo loka aldra bihurtzen ziren. Sotanadunaren ingurutik zebiltzan, Jainkoa bera euren albora jaitsi izan bailitzan. Harropuzkeria eta gehiegikeria desagertu eta otzantasun obedienteak hartzen zituen euren gorpuzkera eta mugimenduak gizon haren aurrean.
Kuriosoa. Abadea zelako? Gizona zelako?
Jesarri.
“Palabra de Dios”. “Te alabamos señor”.
Altxatu.
Gurutzearen seinalea egin.
“Palabra del señor”. “Gloria a ti Señor Jesús”.
Jesarri.
“Lava del todo mi delito, Señor, limpia mi pecado”.
Altxatu.
“El señor esté con vosotros”. “Y con su espíritu”.
“Levantemos el corazón”. “Lo tenemos levantado hacia el Señor”.
“Demos gracias al Señor nuestro Dios”. “Es justo y necesario”.
“Santo, Santo, Santo es el Señor, Dios del universo”.
Mojek ez bezala egiten dute berba abadeek, leun, doinua tonu batzuk altxaturik, jainko on eta abegikorraren ordezkariak direla erakustearren. Jaungoikoa Abrahami semea hiltzeko agintzen gogoratzen nuen, Job pazientziadunari egindako barrabaskeriak ez aipatzearren; Jesus ere, azotea eskuan, merkatariak tenplutik botatzen irudikatzen nuen. Eta abadea gozotasun eta ergelkeria arteko doinuaz berbetan.
Belaunikatu.
“Tomad y comed todos de él, porque éste es mi cuerpo”.
“Tomad y bebed todos de él, porque éste es el cáliz de mi sangre”.
“Anunciamos tu muerte, proclamamos tu resurrección, ven señor Jesús”.
Zutundu.
“Por Cristo, con él y en él, a ti, Dios Padre omnipotente, en la unidad del Espíritu Santo, todo honor y toda gloria por los siglos de los siglos”. “Amén”.
Gure Aita errezitatu.
“La paz del Señor esté siempre con vosotros”. “Y con su Espíritu”.
Bakea eman.
“Cordero de Dios, que quitas el pecado del mundo, ten piedad de nosotros”.
“Señor, no soy digno de que entres en mi casa, pero una palabra tuya bastará para sanarme”.
“El Cuerpo de Cristo”. “Amén”.
Erdigunean ilara egin, sasi-ogia ezkerreko esku ahurrean hartu eta eskumaz —beti eskumaz— ahoratu. Ore hori mastekatzen nuen lantzean behin, beste eskolakideek laztura senti zezaten euren Kristo Jaunari haginak sartzen nizkiola ikusita.
Belaunikatu. Sasi-ogia aho sabaitik noiz askatuko itxaron. Altxatu.
“El Señor esté siempre con vosotros”. “Y con su Espíritu”.
“La bendición de Dios todopoderoso, Padre, Hijo y Espíritu Santo descienda sobre vosotros”.
Aitaren egin.
“Amén”.
Oso txikitatik hasi behar izan ginen konfesionariotik pasatzen, lehenbiziko jaunartzea baino askoz lehenago. Eguna heltzen zenean, zer konta? Ze bekatu izan ahal du ume batek? Errenkan gure txanda itxaron bitartean, zerbait asmatu behar. Abadeak zerbait entzun nahi zuen, ezin nion esan bekaturik ez neukala, katolikoentzat denok bekatariak gara eta. Hori harropuzkeria bekatua zatekeen. Beraz, bazkaren bat ematera nengoen beharturik.
Hori bai irrazional eta kontraesankorra: gezurra esanda, bekatu eginarazten zidaten eurek.
“Podéis ir en paz”. “Demos gracias al Señor”.
Altxatu. Joan.