ANNE SEXTON (II)
Sextonek bazekien poeta guztiek, altzari batzuk hartuta, arbola eraikitzen dutela.
Anne Sexton, bera ere hiru ahizpetatik azkena. Akatsa izan zen bere jaiotza. Edo, behintzat, horrela uste zuen. Hainbat urteren buruan, espero barik jaio nintzen neu ere. Ezinezkoa akatsean ez pentsatzea.
Anne Sextonek eta Sylvia Plathek idazle tailer batean elkar ezagutu zuten. Elkarrengan laguna egin zuten topa. Tabernako barran, aulki altuetan jesarrita imajinatzen ditut. Literaturaz ari dira. Literaturaz eta suizidioaz. Ez dira arrazoiez berbetan ari, baizik eta moduez eta momentuez. Zerbitzariari, hiruki formadun kopak hustu bezain pronto, mesedez berriro betetzeko eskatu diote.
Sylvia Plath izan zen bietatik lehenbizikoa bere bizitza eteten. Lagunaren galeraz gain, Annek berea izan behar zen heriotza lapurtu izana ere sentitu zuela ziur nago.
Esaten dutenez, Sextonek azken egunean vodka aukeratu zuen. Usainik ez duen edabe magikoa. Pare bat vodka hartuta, hirugarrena eskuan, garajera sartu eta martxan ipini zuen bere auto gorriaren motorra. Autoko musika uhinak libre utzi zituen. Musikak sorrarazten dizkigun emozioak ezin dira poesiaz eragin.