PARRESIA
Parresia: παν - dena, ρησις - hizketa.
Baina parresiak ez du “denaz hitz egitea” edo “dena kontatzea” adierazten. Parresiaren ezaugarri nagusiena egia da, egia kontatzea, egia esatea.
Parresia garrantzizko kontzeptua izan zen Antzinako Greziako pentsamendu etiko eta politikoan, baina ikusi besterik ez dago RAEk zelan azaltzen duen zer den gaur egun parresia: ausart eta aske hitz egiten delako itxura, itxuraz laidogarriak baina benetan onuragarriak diren gauzak esatea. Egiaren tokia itxurak hartu ei du.
Euskarazko hiztegiek islatu ere ez dute egiten.
Foucaultek luze garatu zuen kontzeptu hau. Etimologiari jarraiki, parresiaz aritzen denak, hau da, parresiasteak, buruan daukan guztia esaten du, ez dio ezer ezkutatzen hizketakideari, hizketakidea konbentzitzeko edo bere aldera erakartzeko forma erretorikoak erabili barik. Foucaulten iritziz, parresiasteak egia esaten du egia esaten duela badakielako, eta egia dela badaki benetan egia delako.
Edonork esan lezake hori ez dela froga nahikoa norbaitek esaten duena egia dela borobiltzeko. Baina parresia ez da egia esatea, besterik gabe. Eta hona dator froga: parresiasteak esaten duen egia arriskutsua da, ez da gehiengoak uste edo esaten duena, eta hizketakidearen errepresaliak eragin ditzake.
Parresiaren funtzioa beste bati egia erakustea baino, kritika egitea da: besteari kritika edo norbere buruari kritika. Parresiastea ez dago hitz egitera behartuta, baina, hala ere, hitz egiten du, betebehar morala duela uste baitu.
Parresiaz teorizatu ahal bada ere, parresia batez ere praxia da, norbanakoaren praxia norberari eta besteei begira egiten dena. Bizitza zuzentzeko modua izateaz gain, hau da, etika arloari egokitzeaz gain, komunitatean bilatzen du eragina, hau da, ekintza politikoa ere bada. Etikak eta politikak egiten dute bat parresian. Baina, areago, parresiaz aritzeko, lehenengo eta behin egiaren bilaketan egin behar da bidea, ezin baita egiarik esan, aldez aurretik egia zer den bilatu, pentsatu eta hausnartu ez badugu. Eta egiari, gainera, balioa eman behar zaio edo, hobeto esanda, egiak hoberantz alda lezakeena inportanteagotzat jo behar dugu egia esateak gure kontra ekar lezakeen ondorioa baino.
Esan barik doa, esklaboek eta emakumezkoek parresiaz aritzea galarazota zeukatela. Egia batzuk esatea eta entzutea baino ez omen zegoen onartuta. Arriskua bai, baina puntu batera arte. Batek daki esklaboek eta andreek, egia esaten hasiz gero, ze nolako durduza eragin zezaketen ukiezinak ziren gizartearen zimenduetan. Parresia askatasun ekintza zen, baina askatasun mugatua, norberaren askatasuna aldarrikatzeko debekatua.
Gaur egun, gehienek parre-hesia erabiltzen dute. Parre faltsua hesi moduan, horren atzean ezkuta daitezkeelakoan.