BELDURRA
Ikara nonahi dago. Jaiotzearekin batera ikara sentitzen dugu. Ume txiki-txikiek ez dute negar egiten popan emandako txaloak egiten dien minagatik, baizik eta egoera ezezagun horrek sorrarazten dien ikara deskribaezinagatik.
Ikara sentitzen duen pertsonak erabakitzen du non topatu nahi duen, edo ikara bakoitzak erabakitzen du zeintzuk pertsonak aukeratuko dituen.
Kanpoko elementuak suerta litezke beldurgarri. Animaliak, kasu: armiarmak edo bestelako zomorroak; usoak eta hegaztiak oro har; txakurrak edota katuak. Edo askoz zehaztugabeagoak izan daitezke: lau hormen segurtasunetik at egotea; lau hormen barruko itolarria; hegan egitea; hiltzea.
Baina beste zenbaitetan ikara ez dago kanpoko elementuen menpe; ikara geure barruak eragiten du. Eta horixe da ikararik beldurgarriena. Norbera izan daitekeenari edo bihur litekeenari beldurra. Zer egin lezakete obsesioek pertsona batekin? Zoramenera eroan dezakete pertsona bat? Noiz uzten zaio pertsona izateari? Zer bihur gaitzakete amorruak, gorrotoak, erneguak? Gizaki izaera galdu ahal da? Ze momentutan?
Norberaren barruko beldurra hobekien islatzen duen azpigeneroa zonbiena da. Patxadaz aztertu ezean, zonbiak astiroago edo arinago mugitzen diren munstroak baino ez dira, aspaldikoek garunak eta modernoagoek edozein barruki jaten duten munstroak. Baina zonbiak ez dira munstro arrotzak, munstro bihurtu diren pertsonak baizik. Gu geu gara. Biktima izatetik borrero izatera pasatu gara momentu batetik bestera. Beldurrik handiena sorrarazten digun horixe bera bilakatu gaitezke bat-batean.
Pertsonen barru izaeraren metafora handia baino ez da zonbien azpigeneroa. Munduaren ordena sotila sustengatzen duten fundamentu eta oinarri apurrak erori eta desager daitezke. Orduan bizirauteko ahalegin izerditsua baino ez da geratzen. Inguruan dena da arrisku, albokoa ere etsai. Hil ala biziko egoerak amorruz betetako munstro basati bilakatzen gaitu. Mugako egoerak munstro bihurtu ahal gaitu. Noiz arte iraun dezake mugako egoera batek? Noiz arte pertsona izateari utzi baino lehen?
Munstroen kontra luzaro borrokatzen denean, norbera munstro bihurtzeko arrisku bizia dago. Begirada leizean luze eta sakon ipiniz gero, azkenean leizea norberaren barruan sartzen da.