BOTEREA TALDEETAN
Botereaz ari garela, argi izan behar den lehenbiziko premisa hauxe da:
Botereak ez du justifikaziorik behar.
Botereak legitimazioa behar du.
Boterea ez da jabetza bat, ez da berez edukitzen den zerbait. Boterea pertsonen arteko erlazioa da.
Hamaika definizio badira ere, hartu honako hau, adibidez: A-k lortzen du B-k egitea edo pentsatzea bestela egingo edo pentsatuko ez lukeena. Hortaz, B-k A-ren “arrazoiak” onartu egiten ditu. Baina A-ren arrazoiak al dira B-ren bidea aldatzen dutenak? Boterea daukanak ez du justifikaziorik behar. Ez zaio justifikaziorik eskatuko. Ez du arrazoirik eman beharrik ere, aurretiaz legitimatua izan baita.
A-k B-ren gainean boterea dauka A-k B-ren jokabidean edo pentsamenduan eragiten duenean, azken honen interesen kontra, hau da, B-k desiratu edo nahiago lukeenaren kontra. Erabakitzen dena eta erabakitzen ez dena A-ren esku dago, B-k erabaki horretan parte hartu barik. Botere harremana egituratzen duena A-ren interesa da.
Hiru modu dauzka A-k bere boterea praktikatzeko, B-rekiko daukan erlazioaren arabera:
1.Interes gatazkarik ez dakarkioten pertsonen aurrean, limurtzeko gaitasun minimoa baino ez da behar.
2.Interes gatazka egonez gero, baina B-k interes gatazka hori azaldu ez dezan, baita interes gatazka horretan dagoela nabaritu ez dezan ere, manipulazioa erabili beharko du.
3.Interes gatazka egonez gero eta B-k interes gatazka hau argi azaleratuz gero, koertzioa izango da erabili beharrekoa, zuzen edo zeharka.