HILEZKORTASUNA
Txikitan orkestra zuzendaria izan nahi nuen. Ez erizaina, ez irakaslea, ez albaitaria, ez ama. Orkestra zuzendaria. Kontzertuak ikusi ohi nituen telebistan. Musikaren notek eragiten zuten sentipena, arima altxatzeko zeukaten gaitasuna, eta hori guztia batuta soil batez, makila txikitxo batez, kontrolatu ahal izatea zerbait magikoa zen. Gizon haien tokian egon nahi nuen nik.
Plastikozko piano laranja bat izan nuen. Erdi parteko teklak sakatzean Edurnezurik eta zazpi ipotxek gora egiten zuten. Jo eta jo eta jotzen nuen. Entzuten nituen konpositore handien kantak errepikatzeari ekiten nion edo, bemol eta sostenitu barik, ahalik eta antzekoen egiten ahalegintzen nintzen.
Eskerrak bide hori frustraturik gelditu zen. Bestela, hala gertatzen ikusiko nukeen nagusitan: orkestra zuzendariak gizonezkoak dira, zuzendaritza ikasketetan emakumeak gehiengoa izan arren. Simone Young izan zen Vienako Filarmonika zuzendu zuen lehenbiziko andrazkoa. 2005ean izan zen, Filarmonika sortu zenetik 174 urte igaro ostean. Akaso, 174 urte gehiago iragan beharko dira Urteberriko kontzertu ospetsua andre batek gida dezan.
Artea besteei emateko modua da. Baita adierazteko modua ere. Isiluneen gure familian artista bat baino gehiago dira. Isilpena nonbaitetik hautsi behar omen da. Artea hilezkortasuna bilatzeko forma ere bada. Paradisu kristau edo islamikoaren faltan, hilezkortasuna honela bilatzea ez da harrokeria hutsa, erlijiotasunetik ere asko dauka.