EGIA (I)
Egiaren bilaketa egia bera baino garrantzizkoagoa da. Egia, bat eta bakarra izan arren, ez da borobila. Egia poliedrikoa da.
Poliedrikoa eta zaila osatzen. Zailtasun bikoitzari egin behar zaio aurre. Gertaeren izaera konplexuak poliedroaren alde guztiak argitzea galarazten digu berez. Baina are konplexuagoa dena: behatze ekintza ezin da objektiboa izan, behatzailea askatu nahi dugun korapilo horren partaidea denez gero eta, hortaz, inplikaturik dagoenez gero. Are gehiago, behatzaileak eta behatze ekintzak berak errealitatea aldarazten du eta, errealitatearekin batera, kausitu nahi dugun egia ere bai.
Egia partziala izango da beti, edozein alde ezagutu ahal izateko parte hartu behar delako. Jartzen garen aldeak markatuko digu ze ezagupen egin nahi dugun egiaz. Edonon jartzen garela, nonbait jartzen gara. Ezinezkoa den bakarra ez egotea da. Alde hartu beharra, berez, ezinbesteko pausoa da ezagupenerako. Alde hartu beharrak ez dio egiari bere unibertsaltasuna lapurtzen, osotasuna erdiestea galarazten badu ere.
Zenbaitek uste dute poliedroaren alde bakar bat edo, gehienez, bizpahiru ezagututa, egia osoaren jabe direla. Eta, beraz, ez dute egia osatuko duten beste aldeak bilatzeko ahaleginik egiten. Batzuen kasuan, euren buru txiki eta itxietan besterik kabitzen ez delako. Beste batzuen kasuan, euren probetxurako edo inoren kalterako erabili nahi dutelako egiaren alde bakar hori. Azken hauek dira arriskutsuenak. Azken hauetako bat izan gara denok inoiz edo behin.
Benetan balio duena ez da egia osoaren jabe izatea edo egia osoaren jabe garela sinistea. Egiaren balioa poliedroa osatzeko eten eta amaierarik gabeko bilaketan datza. Jabetzak pasibo, nagi eta harroputz bihurtzen gaitu. Bilaketak dudati, saiakor eta ekinak izatera bultzatzen gaitu.