MIN FISIKOA
Min fisikoak, edota psikikoak, negar zotinak eragin ditzake, baita negar marraskak ere. Negarra, kasu honetan, adierazi bakarra daukan adierazlea da. Intentzioduna. Honek ez du esan nahi bigarren intentzioren bat edo ezinbestez erantzun bat bilatzen duenik. Intentziodun adierazleak dira pertsonak garen heinean eta, hizkuntzarekin batera, gure lengoaia osatzen dutenez gero. Metakomunikazioa deitu izan zaio horri.
Intentziodunak dira, era berean, ekintzaren alternatibak; hau da, negarra ordezka lezaketenak ere bai, adierazlearen barne baitaude. Honela, negarra isilarazi ahal dugu ezpainak estuturik. Orduan, estututako ezpain horiek adieraziko dute mina. Malkoei eutsi ahal diegu. Orduan, aurpegiera bera izango da minaren adierazlea.
Mina, hala ere, gutxien komunikatzen den esperientzia izaten da, denok, salbuespen barik, pairatu arren, gure kondizioa edozein delarik ere. Mina, heriotza bezala, arlo pribatuari dagokio. Ez da egokia, ez da onargarria, ez du gutaz eman gura genukeen irudia ematen. Akaso min fisikoa izan liteke gutxien estaltzen dena.
Min fisikoa saihesten, apaltzen eta ekiditen —edo, behintzat, horretan ahalegintzen— ematen dugu bizia. Gehienetan, baina ez beti. Min fisikoak bestelako minetatik aldentzeko aukera ematen digunean izan ezik, alegia. Izan ere, min fisikoa, fisikoa denez gero, zehatza ere bada: zuzena, neurgarria, mugatua, gure gorputzak diren bezala. Gorputzaren eremu batean sentitu eta mina eremu horretan zehazten dugu. Zehaztapen horretara bideratzen dira orduan pairamen guztiak, hor zentratzen dira, bestelako minetatik askaturik, ahazturik.
Nire ezkerreko eskumuturra begiratu dut. Larruzko pultsera zabalak ozta-ozta estaltzen ditu azpiko erredurak.