ERREDENTZIOA
Orainaren bete ezinezko putzu hau nondik isuri da? Etorkizunetik ezin, etor-kizun baita. Iraganarekin behar ditut, orduan, kontuak egin. Iraganera begiratu behar dut. Alferrikakoa litzateke oraina goza dezaketen balizko sasoi hobeen edo dirdiratu dezaketen ispilatzeen bila abiatzea. Iraganera begiratu nahi dut, baina harako sasoi dardaragarrietan ez zait eskertasun gomutapenik apenas begietara agertzen.
Nire iragana benetan neure bihurtuko duen erredentzioaren araketan. Isilik egon den iragana aipagarri bihurtzearren, esatearren, zabaltzearren. Ez da barkamenaren erredentzio nahia. Ez dut zertan barkamenik jaso. Sarraski eta triskantza grinaz, iragana pasa zen momentutik erauzi eta oraingora purifikatu nahi dut. Suntsipenaren bila noa.