ZOROAK
Telebistatik ematen dituzten Estatu Batuetako pelikula eta serieetako zoroak, zoro-zoroak dira, benetan eta egiatan. Aurpegia ikusi bezain pronto, jakin badakigu. Eta jakin badakigu pelikulak aurrera egin ahala seguruenik norbait hilko dutela edo, behintzat, eta poliziak ekidin ezean, norbait hiltzeko ahaleginak egin egingo dituztela.
“Uste al duzu zoro nagoela?” galdetu dio zoro horietako batek bere psikiatrari. “Ez, kreatiboa zarela uste dut”. Esan barik doa, seriearen argumentuak hala eskatuta, zoroak hainbat lagun akabatuak zituela hogeigarren minuturako.
Egun batzuk lehenago medikuarengandik erantzun oso antzekoa jaso izanak zer pentsa eman zidan. “Ume imajinatiboa zinela uste dut” erantzun zidan psikologoak. Ni lasaitzeko moduko erantzuna, ni lasaitzeko eta pentsamendu ezkorretatik urruntzeko, antza.
Ez zuen sinistu benetan norbait hiltzea burutik pasa zitzaidanik; ez zuen sinistu hain ume txikia izanda, koartadarik beharko ez nuela jakitun banintzela; ez zuen sinistu ez egitearen arrazoi bakarra zera izan zela, arrakasta-porrot kalkulua egin eta, indar fisikoaren faltagatik, emaitza porrot argia izango zela deliberatu nuela.
Munstrokeriaren bat egiten duen hori munstrotzat jotzen dugu. Arrakasta ziurtaturik izanez gero, nork ez luke munstrokeriaren bat egingo? Zer da munstrokeria? Eta nor ez da munstroa?
Lauzpabost urteko ume hark bazekien balkoitik behera bultza egiteko ezintasun fisikoa zela oztopo bakarra; hilketa besteen begietara suizidioa izango zatekeen, zuzen, galderarik gabe, inork ez zukeelako inolaz ere pentsatuko ume koletadun, zintzo eta begi berdedun harengan, umezurtz gelditu izanak sorraraziko ei ziokeen penagatik ez balitz.
Indarra irabazten nuen erritmo berean, koartada hura ezerezten joan zenez gero, ume imajinatiboa nintzela esango dugu.