MIYÓ VESTRINI (II)
Zure inbidia daukat, Miyó. Inbidia txar, gaizto, gorri eta beltza. Ez baitago inbidia sanorik mundu honetan, hori esanda arima zuritu nahi duten inbidiatsuak baino. Utzidazu zure otoitza erabiltzen nire azken egunerako. Zalantzan dago nik ostuko dizudan edo zuk ostu zenidan nik idatzi orduko:
Emadazu, jauna,
sumintzen duen heriotza bat.
Mindu nituenak bezain
mingarria izango den heriotza.
Santiago de Compostelako
euria jasan dezakeen heriotza
eta bidez batez,
mindu ninduten horiek hilko dituena.
Jauna, esaten dizutenean
errukirik eskatu gabe
agortu ditudala nekearen baliabide guztiak
orduan, jauna,
jo nazazu gogor.
Utzidazu, jauna,
neure burua naizen bezalakoa ikusten:
Erriflea eskuan
Granada ahoan
Maite dudan jendeari erraiak ateratzen.
Eta ikusiko duzu zelan ezerk
ezin didan eman suminduko nauen heriotza bat.
Bazenekien lar arrecha zinela emakume poeta izateko. Haserrea, amorrua, sumina eta samina ez dira oztopo poetentzat, bai ordea emakumeontzat. Lar arrecha zinen emakumea izateko, emakume izate horretan izaera horren arrazoia izan arren.
Camusen Gizon errebeldea liburuan ez dut inon aurkitu nork bere buruaren kontrako iraultzaz ezer. “Andre errebeldea” idatzi beharko da noiz edo noiz, gu subjektu iraultzaileetan iraultzaileenak garelako, irauli beharreko objektua gu geu baikara.
Iraultzek, benetan iraultzeko, bortizkeria dakarte derrigor, ekintza bortitzak baino ezin duelako ordena irauli. Maiuskulaz idazten den Gertaera behar izaten da. Zu-subjektuak burura eraman zuen azken Gertaera bortitza zu-objektua akabatzea izan zen. Edozein erregizidio, parrizidio edo deizidio baino basatiagoa den ekintzaz.