ISTORIO AMAIEZINA
Bastian Baltasar Bux mutikoak Fantasia mundua sortu zuen. Eskolako lagunek gerora bullying izendatu dena egiten zioten, aitarentzat ez zen existitzen eta behar baino potoloago zegoen. Horixe izan zen Fantasiara alde egiteko arrazoia: alde egin beharra, alegia.
Michael Endek atsekabe handia hartu omen zuen Istorio amaiezina pelikula ikusi zuenean. Ezin nirea baino handiagoa izan. Istorioak guztiz harrapaturik, liburuak zeharo irentsirik, Bastianen Fantasiara sartzeko gosea ez zidan afariak apaltzen. Irakurtzeko egarriak hurrupatzen zuen sei urteko neskato hura liburua esku artean ohera joan orduko.
Gogoan daukat egun batean oharra utzi niola ahizpari burko azpian. Liburu magikoa neuk neukan esku artean. Banekien hura ez zela Bastianen liburu berbera, nobela baino ez zela, baina berben magikotasunak aldarazi ahal gaituen modua ezin du ezein aztikeriak edo konjuruk lortu. Idatziz kontatu eta burko azpian utzi nion ahizpari. Lotsagatik, batetik, sentimenduak ahoratzeko ezintasunagatik, bestetik. Pelikula estreinatu bezain pronto, zinemara eraman ninduen. Zazpi urte neuzkan ordurako.
Ahizparen atsekabea ere handia izan zen zinematik irten ginenean. Triste nengoen. Triste pelikula hark ez zuelako islatzen liburuaren funtsa. Hasteko, Bastian mutiko polit eta argala zen; amaitzeko, abentura pelikula kaskar hartan esanahi sakonik ez zen inondik ageri. Nobelaren sarraskia izan zen.
Nik hain argi ulertzen nuena, zelan ez zuten ulertu pelikula hura egin zutenek? Umea baino ez nintzen, eurak helduak. Eguzki izpien pean urtzen diren elurrezko idoloak al ziren? Horrela balitz, norbera haize bero ahokada batez idolo faltsu horiek urtzeko gai izan liteke? Are okerrago, ulertu bazuten, baina bertsio faltsua egin bazuten, ikuslea izan nintzen ni ergeltzat al nindukaten? Horrela balitz, begirunez tratatzen ez gintuzten horiek begirunerik ez zuten merezi.
Pelikularen engainuak ez ezik, ondorioek ere goibeldu ninduten.