SEGI AURRERA PUTAKUME HORI!
Lagun batekin nago kalean berbetan. Etxera bidean gaude, kale izkinan. Nik aldatsean gora eta berak alboko kaletik egin baino lehen, auto bat pasa da astiro, gure paretik, hain astiro, ezen begiratu barik badakigu zer datorren. Barruan dauden morroi biak, adurretan egitea maskulinitatearen adierazlerik behinena bailitzan, esaka hasi zaizkigu. Gu, eurentzako opariak, koloreetan bilduta.
Buelta eman eta “segi aurrera putakume hori!” bota diot. Autoa guztiz gelditu eta gidariaren albokoa jaitsi egin da. “Zer esan dozu? Zer deitu dostazu? Okurridu bez nire amaren gainean ezer esatea!”. Niregana dator. Jo egin behar nau.
Duela gutxi lagun batek kontatu zidan nonbaiteko jaietan gauza bera gertatu zitzaiola. “Putakume” deitu eta, beraren ama iraintzeagatik, matrailezurrean ukabilkada batez hagina apurtu zion. Baina minik handiena, halere, ez zion kolpeak egin, inpotentziak baino.
Gizonak emakumeon inguruan aritzen direnean, euren amen inguruan ere ari dira. Emakumeok garenaren ebidentzia hortik ikasi dute txikitatik. Horregatik daude hainbat eta hainbat obsesionaturik ama kritika, laido eta hoben guztietatik babestearekin. Emakume guztiok objektuak gara eurentzat, euren gozamenerako edo euren frustrazioetarako edo, besterik gabe, euren gizontasuna erakusteko. Baina ama, eurez erditu zena, salbuespena izan behar da derrigor. Ama salbuespena ez den momentutik, andre horren gainean patriarkatuaren pisu eta zabor guztia jausten da: urdanga zikina da, babo ergela da, zerbitzari otzana da...
Horren balio gutxiko zerbait, zikinkeria hori al da txikitatik maite izan dutena? Gizon horien amei patriarkatuaren irainik kuttunenaz “puta” deitzea, Ama existitzen ez dela konturaraztea eta gezur horren inguruan eraikitako fantasia eraistea, dena da bat.