SYLVIA PLATH
Isiltzeko ausardia
Aho itxiaren ausardia, duen artilleriarekin!
Lerro isil eta arrosa hori, zizare hori, eguzkitara atseden hartzen.
Disko beltzak ditu atzean, suminduraren diskoak,
eta zeruaren sumindura, haren garun marraduna.
Diskoak biraka dabiltza, entzun ditzaten eskatzen dute,
sasikumekeria kontakizunez kargatuta, badaudenez.
Sasikumekeriak, usadioak, desertzio eta bikoizkeriak,
orratza bere ildoari fidel,
zilarrezko piztia bi kanoi ilunen artean,
[...]
Hala jarraitzen dute biraka garunaren diskoek, kanoien ahoek bezala.
Antzinako aihotz hura dago gero, mihia,
nekaezina, morea. Moztu egin behar al da?
Bederatzi buztan ditu, arriskutsua da.
Eta soinua behin martxan hastean airetik larrutzen duena.
[...]
(Itzulpena: Iñigo Astiz)
Ez da erraza isiltzea. Ezpainak gelditu ahal dira, josi ere egin ahal dira. Eguneroko lorpena izan daiteke, hala ere; ganoraz trebatuz gero. Baina burua astintzen duen hori isilarazteak ez du biraka dabilena geldiarazten. Jira eta bueltaka irauten du, gerraren burrunba eta harrabots osoa barnebildu ahala. Mihiak behar du topatu jositako ezpainen artetik askabidea. Baina mihia askatzea arriskutsua da. Horregatik behar da kemena isiltzeko, gordetzeko. Behin askaturik, trumoi, ekaitz eta uholde guztiek galarrena ekarri badakartelako.
Isildu behar, edozelan, edozein eratan, ahal den moduan. Beti isildu. Isildu babesteko. Isildu minik ez jasateko. Isildu, isildu, isildu ezin den arte.
Idatzi, idatzi, idatzi. Sylviak uste zuen idazteak biziari aurre egiteko ahalmena eman ziezaiokeela. Eta idatzi, asko idatzi zuen. Baina, antza, ez zekien literaturak ezin gaituela bizitzatik salbatu, are gutxiago, biziaren zulo ilunetik irten baino, bertan sakontzeko arraun endaia bada.
Aurrera egiten saiatu zen. Bere kabuz. Ez zuen nahi inork bere bizimodua aldatzea beraren erruagatik. Ez zuen inor molestatu nahi. Inor ez molestatzeko hezi gaituzte. Bizitza perfektua zeukala idatzi zion behin eta berriro amari. Azken gutunean, denentzako goraintziak eman aurretik, zera kontatu zion, sasoi latz horiei aurre egiten lagunduko zion mediku batengana joateko asmoa zeukala.
Zortzi egun geroago ez zen beste gutunik heldu. Sylviaren izekoaren etxera ilobaren heriotzaren berri zekarren telegrama ailegatu zen, ordea. Sylviaren gizon ohiak bidali zuen. Labe barruan burua sartu, gasa zabaldu eta bertan ito zen. Hogeita hamar urte baino ez zeuzkan.
“Isilik ederrago zaude”.
Behin eta berriz errepikatu.
Behin eta berriz entzun, harik eta sinistu arte.