HILEKOA
Obarioetako mina daukat. Hil honetan bereziki. Baina ez dut min hori apalduko duen botikarik hartu. Ez dut hartu nahi. Igarri egin nahi dut.
Emakumea izatea zer den gogoratzen digu honek hilero: mingarria, guretzat; ulertezina, mitoz beterikoa, baita higuingarria ere, beste gehienentzat.
Amenabarren pelikulan ikusi ahal da zelan bota zuen Hipatiak ikasle baten aurrean odolez zikindutako oihala, “hauxe da maite duzuna eta ez da batere ederra” esanez.
Anatole Broyard idazle eta kritikoak hilekoaren inguruko liburu baten kritika egin zuenean esan bezala, “gizonek hilekoa izango balute, ziurrenik, horretaz harro agertzeko modua aurkituko lukete. Gizonek hilekoan bat-bateko eiakulazioa, bizitasun gehiegikeria ikusiko lukete. Euren kasuan isuri egiten den supersexualitatearen kopa izango litzateke. Odola, azken batez, ondasuna da. ‘Kirol odoltsuak’ gizontasun frogarik onena dira eta, antzina, gazte baten lehenbiziko ehiza ondo amaitzeko, guztiz odoleztatuta itzuli behar zen. Baina emakumeari odola darionean, denari ematen zaio buelta. Odola isurtzea gaixotasun, gutxiagotasun, zikinkeria eta irrazionaltasun zantzua da”.
Bizia sortzeko gure boterearen beldur. Bizia sortzen dugulako eta, era berean, bizia ez sortzea ere erabakitzen dugulako, jainkosek baino ez daukaten botereaz.
Gure indarraren beldur. Erditzeko, erdibitzeko, gure gorputza bitan banatzeko, minari eusteko eta, horren ostean, berriro osatzeko ahalmena daukagulako.
Hamahiru urte neuzkan hilekoa lehenbizikoz izan nuenean. Komunera txiza egitera joan eta hantxe zegoen. Kuleroak zikin. Hilekoa ote zen jakitea kostatu zitzaidan. Estreinako jario hori ez zen jarioa izan, ezta odol kolorekoa ere. Ez zen gauza urtsu gorri ugaria izan, oretsu, marroixka eta benetan urria baino.
Hilekoa = neska izateari utzi eta emakume bihurtu. Hilekoa zerbait misteriotsua zen, zerbait ezezaguna eta, kontakizunak kontatzen zuenez, guztiz aldarazi behar ninduena. Nesken mundua utzi eta emakumeen mundura sartu behar omen nintzen.
Komunetik irten eta amari esan nion. Amak, gordeta zeukan itzelezko konpresa potolo bat atera zuen armairutik eta eskura emanda, honelaxe sententziatu zuen: “Irteten zarenean gauza oso-oso inportante bat esan behar dizut, emakumeek jakin behar duten zerbait”.
Komunean berriro, ezin nion esaldiari bueltak emateari utzi. Emakumeek jakin behar duten zerbait. Ordura arte neska izateagatik ezkutaturik izan nuen isilpeko errebelazioren bat. Mundu berri horretara sartzeko lehenbiziko ikasgaia amaren ahotik etorriko ei zen handik irten eta segidan. Behar baino denbora gehiago pasa nuen komunean, atea itxita, zer entzungo nuen aztoraturik. Eta azkenik...
“Hilekoa daukazunean kuleroak eskuz garbitu behar dituzu, igurdi ona emanda”.