BOTEREAZ
Boterea erabiltzeko modurik eraginkorrena limurtzea edo pertsuasioa da.
A-ren interbentziorik ezean, B-k a jokabidea izango zukeen; A-ren interbentzioaren ostean, ordea, B-k b jokabidea izango du. Limurtzeaz edo manipulazioaz, zigor mehatxuaz ez bezala, B konbentziturik dago berea izan dela aukeraketa.
Hortaz, Aimarrek domekan trago batzuk hartu nahi baditu, baina Agurnek mendira joatea askoz hobe dela esaten badio, Aimarrek azkenik mendira joatea aukerarik onena dela defendatuko du taldearen aurrean.
Horrelako kasuetan ez dago borondate konfliktorik A eta B artean. Zigor mehatxuaz, aldiz, B-k bere burua beharturik sentituko du: nahiz eta bere jokabidea berbera izan, B-k ez du b nahiago, a baino. Beraz, Aimarrek eta Alaznek domekan kanpora ez irtetea erabaki badute ere, Aimarrek Agurneren hautua defendatu ostean, Alazne ere mendira joango da.
Borondate konfliktoa dago, Alaznek adieraziko ez badu ere. Aimar limurtzea nahikoa izan da Alazne zeharka behartzeko.
Manipulazioa, zuzenean ere, hain da kontu fina ezen A-k B-ren jokabide zehatz bat eragin baitezake esplizituki eskatu gabe, baita B-ri jokabide hori desio duela ezkutaturik ere eta, gainera, B konturatu barik A-k nahi duen hori egiten ari dela. Harreman mota hau, normalean, manipulazio berbaz izendatu ohi da. Honen adibidea izan liteke, Anartzek eta Aliak asteburu pasa pentsaturik izan eta, kasualitatez, Agurnek asteburu horretan bertan Anartzen laguntza behar izatea zereginen baterako. Anartzek, orduan, ondo pasatu edo lagundu... erabakia argia da. Agurnek asteburu pasa izorratzeko asmoa ezkutatu du Anartzen begietara, baina praktikan Anartz Agurneren jokoan sartu da.
Manipulazioa erabiltzen denean, normalean B ez da lehen momentutik kontziente, borondate konfliktoa ezkutuan geratzen da, harik eta B konturatu arte bere jokabidea manipulatua izan dela.
Botere karismatikoaren funtsa menpekotasun afektiboa da. “Gidari” zein “dizipuluen” izaerak osatzen, moldatzen eta arrazoitzen doaz harremanaren arabera. Kasu hauetan, boterea zuzenean erabiltzeko premiarik ez da egoten gehienetan. Honela, Ainarak Agurne imitatzen duenean, eredu mailara altxatzen du. Agurneren intereseko jokabidea da hau, sustatu behar izan ez duen arren; Ainarak bere borondatez egiten du.
Norbanako zein taldeek euren eremu sozialean botere banaketaz egiten duten irudikapenak boterearekiko bere(n) jokabidea zehaztuko du.