ISILPENA (IV)
Zu egiak entzuteak beldurtzen zaitu.
Ni egiak esateak mintzen nau.
Isilpean gurago. Denok.
Isilik daude bizartegietako labanak.
Isilik daude harrapaturiko arrainak.
Isilik basamortuko harriak.
Isilik harresi eta murruak.
IXO!
Kargatutako armak isil dira.
Isiluneak
isiltasun kondena apurtu du,
pilatu ditudan zauriak
urratuak ditu.
Isilpean,
inork ez entzun arren,
mugimendu telurikoak ez dira eteten.
Eta gero
lurrikara.
Presio eltzeak
bonbak ere izan daitezke.
Eztandak beldurtzen zaitu zu.
Eztandari eskerrak ematen dizkiot nik.