ISILPENA (I)
“Hartu trankil”.
Berbek ez dute beti esan nahi adierazten dutena. Berben atzean beste berba batzuk ezkutatzen dira. Egon badaude, baina ez dira irteten. Barruan gelditzen dira, esaten ez dituenaren pentsamenduan.
“Hartu trankil”.
Berba bi. Besterik ez. Baino ez. Agerian. Hainbat berba ezkutatzen.
“Hartu trankil”, <gauzek euren horretan iraungo dute, ez dira aldatuko, ikasi trankil hartzen eta, batez ere, egon lasai, egon isilik, utzi dena egoten, ez nazazu asaldatu>. Hori esan nahi al du?
Ni lasai egotea baino, zuk nahi duzu lasai egon. Batere hoben eta falta barik. Ez duzu nahi barrutik mar-mar egingo dizun ezer, nahiz eta neure burua mar-mar egon etengabean. Malkorik ikusi nahi ez, agertzen ez diren bitartean, dena ondo dagoelako gezurrari eutsi ahal izateko.
Gorroto zaitut isiltzera kondenatu nahi nauzunean. Hainbeste, ezen mahai gainean dagoen matrailua hartu eta burua eztandarazten dizudala irudikatu baitut. Neure baitan. Ezer esan barik. Ezer egin barik. Baina nire eskua zure burmuinerantz kolpea zuzentzen ikusi dut, jotzen, hezurrak apurtzen, materia grisa sukaldeko altzarietarantz zabaltzen, handik likin eskegitzen.