EZKERREKO IKASGAI SAKONAK
— Aita, zu noren alde zaude?
Aitaren albo banatan jesartzen ginen batzuetan iloba eta biok, hiru urteko diferentzia besterik ez geneukan ume mokoak, telebistak futbol partida eman bitartean.
— Aita, zu noren alde zaude?
— Bai, aitita, zuk noren alde egiten duzu?
Trankil-trankil begiratzen zigun bioi. Isilik. Isil-isilik. Behin eta berriro galdetzen genion, ume txikien berehalakotasun premiaz, segidan, eten barik, harik eta gure itxaron ezinak galderari behar besteko garrantzia eman ziola uste genuen arte.
Orduan, gauza naturala bailitzan, zera erantzuten zigun erantzun zuzena espero genuen ume bioi: “Ni beti ahulenaren alde”.
Tarte batez ez genuen jakiten zer erantzun, harik eta gure ezinegonak isiltasuna apurtu arte.
— Eta zein da ahulena?
Beti ahulenarekin. Bizia zuzentzen duen pentsamendu erraza. Ezkerreko ikasgai sakona.