AIMAR
Kale zaharretatik paseatzea zuen gustuko Aimarrek. Astiro joaten zen, bigarren pausoa egiteko lehenbizikoaren baimenaren zain balego bezala. Inguruetara begira joaten zen, burua artez, alboetara begiak besterik mugitzen ez zituela. Hori nahikoa zuen begirakuneaz alboko guztiak arakatzeko. Nor zebilen, nor ez zebilen, nor norekin zebilen eta zertan zebiltzan kontrolatzea zuen gustuko; batez ere eta denaren gainetik, ondotik pasatzean nork begiratzen zion eta zelan begiratzen zion, eta begi horietan miresmen zantzuak ikustea —edo imajinatzea—. Orduan, burua askoz goragotzen zuen, menpeko nekazari artean beren lurrak aztertzen zituzten Erdi Aroko zaldunen antzean.
Nagusitasuna islatzen zuten keinu neurtu haiei naturaltasuna ematen ahalegintzen zen, ez keinuon helburua ezkutatzearren, baizik eta berarentzat nagusitasuna gauza naturala zelako. Gustukoa zuen. Disfrutatu egiten zuen. Batik bat, Agurne alboan zeramanean, edo, hobeto esanda, Agurnek Aimar bere alboan eramaten zuenean.
Aimarrek zigorrak ezartzea zuen gustuko. Norbait ataka edo estualdi batean jartzen zuen “txantxaz” mozorroturiko zigor hauetako askotan, besteen begietara barregarri uztearren. Malezia gabeko ekintza irudi zezakeen, baina “gozamen inozente” honen eta lintxamendu baten arteko alde bakarra neurria baino ez da. Batak zein besteak pertsona aspertu eta gris berberak eragiten dituzte, aurrekoaren kontrako gaztiguak emozioren bat sorrarazi diezaion.