AMETSA
Zomorroak irten zaizkit besoetatik. Azalaren kontra bultza egiten duten bolatxo txiki modukoak dira, euren kabuz mugituko liratekeen garun txiki bezalakoak. Atzamar erakusle eta lodiaren artean estutu dut bat, azaletik atera nahian. Eta bai, irten egin da. Bolatxo gogor zuria lehenengo eta, horren segidan, buztan likina. Beso gainean daukat. Higuingarria da benetan. Esku-bularraz astindu dut besotik.
Azkura sentitu dut ezkerreko bernan. Beste zomorro bat da, badakit. Hori ere atera behar dut. Baina hara begiratu eta batere laguntza barik, bere kabuz, bera bakarrik irten da, azala apurtuta. Zomorro askoz handiagoa da, grisaxka, luzanga eta mardula, hanka txiki eta iletsuduna. Beste zomorro batzuk igarri ahal ditut, gero eta gehiago dira, gero eta handiagoak, gora eta behera, nire azal azpitik mugimenduan, gorantz, beherantz, harantz, honantz. Azala urratzen ari zaizkit. Irten dira. Bat, beste bat. Ez daukat denborarik denak kentzeko. Gero eta gehiago dira. Zomorroz beterik nago, gainetik eta barrutik.
Izerdi plotan altxatu naiz.