ARIMA HILAK
Norbaitek maite nauela igartzen dudanean,
horrek harritu egiten nau.
Niganako gorrotoa norbaitengan ikusten dudanean,
horrek ere sortzen dit harridura.
Gehienetan
pertsona horiek neuk ere maite eta gorroto ditut,
hurrenez hurren.
Alderantziz ere zenbaitetan,
maite duzun hori guztiz gorrota daitekeelako.
Eta gorrotoa eragiten dizunari
sentipena sentiarazteagatik,
bizirik sentiarazteagatik,
eskerrak, bederen, eman behar zaizkiolako.
Indiferentziarik ez dut, hala ere, inorekin sentitzen.
Are gutxiago jendearekiko,
munduarekiko,
bizitzarekiko
indiferentziaz
jokatzen duten horiekin.
Ez daukate ezer onik eskaintzeko
eta txar gutxi eskain dezakete.
Gogolen nobelako edozein Txitxikovek zenbatuko lituzkeen arima hilak baino ez dira.
Estatistiketatik harago existitzen ez diren numeroak.