AMETSA
Miyó Vestriniren liburuak aurkitu ditut azkenik. Ez da Hirian izan, beste hiri batean baino, nire gusturako zetak lar aurreraturik ahoskatzen dituzten hirian. Beste andre bat dago nirekin. Andreok bete behar dugun guztia gorpuzten du honek: beldurtia, lotsatia, zolia, xaloa, adeitsua... Ez da berez horrelakoa eta jakin badaki. Dudatan hasi da bere papera egiten ote duen edo, bizi osoan horrela jokatuz gero, bera bere paper bihurtu ote den. Edozer dela ere, kantsaturik dago.
Liburu denda barrura lagundu nau. Urduri nago, liburuak aurkitu izanagatik emozionaturik. Kamisetaren beso bat altxatu eta ileak zelan laztu zaizkidan erakutsi diot. Ez nau ulertu. Poema guztiak biltzen dituen liburua eta prosa osoa batzen duena erosi ditut. Vestriniren argazkia azalean: begi jausia betaurreko lodien atzean.
Irten ostean, lauzan jesarri gara, elkarren ondoan. Liburuak eman dizkiot, berak irakur ditzan. Gainetik begiratu eta poesia zabarkeriaz edota zakarkeriaz idazten duela esan dit. Ez diot ondo ulertu, baina zauritasunez eta zabaltasunez idazten duela erantzun diot.
Beldur naiz liburuak bueltatuko ote dizkidan. Bakarrik utzi dut. Hondartzara joan naiz, entzungailuak belarrietan.
Yo para qué las quiero
todas las palabras,
si todo lo que sueño
está en las entrañas.
Eta inoiz baino urrunago dagoen itsasertzera jo dut.
Y ahora me pregunto a punto de decirte ná
si no estaré ya en otra parte,
si vivo en un mundo dentro de una realidad
que no me corresponde.