ZALDI BELTZA
Zaldi beltza berriro. Zaldi beltzak natura sutsuaren izaera basatia irudikatzen duela irakurri ahal izan nuen Jungen libururen batean. Hain zuzen, Cirlotek, bere sinbolo hiztegiko “zaldi” sarreran, hala azaltzen du: Jungen ustez, gure alde magikoa, inkontzientearen intuizioa irudikatzen duela. Era berean, Paul Dielen aburuz ere, zaldiak desira grinatsuak, instintuak irudikatzen dituela kontatzen digu. Eta Mircea Eliaderentzat animalia khitoniko-funerarioak direla.
Eliadek berak Ideia eta sinesmen erlijiosoen historia liburuan kontatzen digu zaldiak eta zaldunak gizarteetan (ez jendarteetan, gizonezkoen artean baizik), ideologia eta erritualetan biziki garrantzitsuak izan direla. Zaldiak hainbatetan agertzen dira: xamanak azterturik, hauek egiten zituzten zaldien sakrifizioak ekartzen ditu; Erroman gaudela, urriaren 15ean Marteri eskaintzen zitzaizkion zaldiak; etruskoak aipatu eta hildakoak bestaldera zaldi gainean heltzen zirela uste zutela kontatzen digu...
Zaldi hilak dira horiek guztiak. Nire zaldi fantasmagoriko lakoak.