AURORA
Askotan joaten ginen elkarrekin eskolara. Bazkalostean, batez ere. Auzo berean bizi ginen eta aitak biok eroaten gintuen.
Atzeko ilaran baino atzerago jesartzen zuten Aurora. Hantxe zegoen jarria bere mahaia, azken ilaran baino gibelerago. Berarena bakar-bakarrik. Klasera etorri, egunero etortzen zen, baina ez ei zen ikaslea. Inork ez zuen berarengan ikaslerik ikusten, beste altzariekin batera, hutsune bat betetzen zuen zerbait baino.
Eskolako ume zein irakasleek ergela zela uste zuten, baina Aurora, eurak ez bezala, ez zen batere ergela. Ekina eta langilea baizik. Guztiz.
Aurorari umeentzako fitxak ematen zizkioten betetzeko, besteok beste ikasgai batzuk ikasten genituen bitartean. Eta irakasleek pentsatu baino lehenago amaitzen zituen beti. Han, atzen ilaran baino harago zegoen bere mahai bakartian. Ez zen sekula kexu. Bere lana egiten zuen, nahiz eta inork berarengan erreparatu ez.
Aurora ni baino nagusiagoa zen, handi eta gangartxoa. Ile iluna solte eramaten zuen, nahiz eta ama gakoekin atzera orrazten saiatzen zen, betaurreko lodien gainerantz ez jaustearren. Eskolara bidean eskutik helduta eramaten ninduen beti. Askoz txikiagoa nintzen eta. Jagon behar ninduen.
Auroraren adin fisikoa eta mentala ez zetozen bat, hori zen “arazo” bakarra. Maitekor eta maitagarria zen guztiz, besteek hori ikusteko paradarik izan nahi ez zuten arren. Denek begiratzen zioten higuin eta pena arteko begiradaz. Inork ez zuen Aurorarengan pertsonarik ikusten, nahiz eta eurak baino askoz pertsona osoagoa izan.
Batzuetan Aurorak hain estu besarkatzen ninduen, ezen mina ere ematen zidan. Baina nik ez nion sekula ezer esan. Neure min fisikoa nahiago nuen jasan, bere maitasun handia mindu baino.