Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Antzerkiaz... Norabidearekin noranzkoa
Askotan esan ohi da bizitza antzerkia dela, eta nik zera diot: bizitza drama dela! Drama hitzak etimologikoki ekintza nahi du esan, eta niretzat bizitza ekintza da, ekintza poetiko bat. Poesiak bere altzoan darama amodioa, gerra, heriotza... eta bizitza bera ere. Baina ni ez naiz biopoesiaren beharrez edo ezbeharrez mintzatuko, antzerkiaz baizik, antzerki antropologikoaz hain zuzen.
Odin Teatret eta istako (International School of Theatre Antropology) zuzendari den Eugenio Barbaren hitzetan, antzezpenaren momentuan aktore/dantzariaren konportamentu fisiologiko eta sozio-kulturala aztertzean datza antzerki antropologikoa.
Azken urteotan antzerki antropologikoa abiapuntutzat hartuz, beste herrialde batzuetako antzerkia aztertzeari ekin diot. Hala, Japongo noh eta kabukia, Indiako kathakali antzerki-dantza, Baliko dantzak, afrobrasildarren orixa dantzak... ezagutu ditut, eta antzerkiaren zentzu sakratua eta beste dimentsio bat ulertzeko aukera paregabea bizi izan dut.
Herrialde guztiek bezala, gure herriak ere baditu bere dantza eta antzerki propioak. Maskaradak, pastoralak edota tobera mustrak antzerki herrikoiaren adibide garbiak dira. Antzezlan hauek, beharrizan bategatik sortu ziren bere garaian, eta zorionez oraindik herriak, bere apaltasunean, gordetzen ditu. Euskal antzerki antropologikoak gure tradizio eta kulturaren azterketa sakon bat egin beharko luke, herriaren arima eta pertzepzioa ulertu eta poetika berri bat eraiki. Horretarako herrietan antzerki tailerrak sortu behar dira, herriak antzerkiarekin parte hartu behar du happening bat bailitzan. Antzerkia herri gertaera bat izan behar da, performancea, jaia, dantza eta erritmoa. Ez dago antzerki profesionalik antzerki amateur eta unibertsitariorik ez badago. Ez dago benetako antzerkirik monumentu erraldoietan egiten den fartsa zentzugabe eta itxia baizik.
Horrela antzerki pedagogia eta aktorearen eginbeharrari dagokionez, badakigu C. Stanislavskik aktorearen psikologiaz idazten zuela, V. Meyerholdek biomekanikari buruz, B. Brechtek Verfremdung (urruntasun efektua) eta gestusa aipatzen zituen, J. Grotowskik ezetzaren bidea jorratu zuela... eta hala, aktorearendako hainbat metodologia eta ikuspuntu sortu dira historian zehar. Hala ere, nik metodologia eta pedagogia berri batean sinesten dut, nahiz eta metodo guztiak baliagarriak izan, gurekin bat datorren metodoa bilatu behar dugu, gure biosarekin, gure gestusarekin, gure antropologiarekin bat datorrena alegia.
Eta ez bakarrik aktorearen ikuspuntutik, antzerkia bere osotasunean hartzen badugu, politika, poetika eta estetika berri bat zelan eraiki ikusi behar da. Ikuspuntu abangoardista eta kontenporaneo batetik, egungo artistok elkartu eta antzerkiaren beharraz mintzatu behar dugu, makineria berri bat sortu. Dauzkagun azpiegiturak ez badira nahikoak, herria antzerkira ez bada hurbiltzen, gu hurbilduko gara herrira, sustraietatik heldu behar zaio arazoari, sustrairik gabe ez baitago hostorik.
Publikoak antzerkiarekiko sentitzen duen anorexia sendatu behar dugu, eta horretarako antzerkiaren beharrizanaz mintzatu behar da. Egia bakarra zera da: jendea ez doala antzerkira antzerkiaren beharrik ez duelako sentitzen.
Bukatzeko, pilotariaren jolas/jokoa metafora gisa erabiliz zera argudiatu nahi nuke. Pilotariak pilota jotzen duenean norabide bat daramala pilota horrek, baina are gehiago, pilotariak pilota jotzen duenean pilota horrek ere noranzko bat badaukala, hau da, intentzio bat, zentzu bat, indar bat. Euskal antzerkiari ere norabide eta norantza bat bilatu behar diogu.
Autopistak ezik utopistak bilatu behar dira, benetako bideak bidezidorrak dira, herriak sortzen dituenak. Antzerkiaren labirintoan murgiltzen garenok, iturri guztietatik edan behar dugu iturri berri bat sortzeko intentzioarekin. Gure antzerkiak gure herriaren arimaz mintzatu behar du, egungo egoera sozio-politikoaz, tradizioaren benetako pertzepzioa berreskuratu eta ikusmolde kontenporaneo bat eraiki. Eugenio Barbak Hirugarren teatroa deitzen dio, nik aldiz Bestaldeko antzerkia deitzen diot. Ispiluan aurrez aurre begiratzean, gure gorputzaren bestaldea ikusiko dugu. Euskal antzerkiak egungo polisaren ispilua behar du izan, herriaren harria, komunikazioaren espazio libre bat.
xxi. mendeko euskal drama berria gure zain dago, norabidea eta noranzkoa falta zaizkio bakarrik.
2002ko maiatza, Argia