Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Izakiak bere historian zehar existentziari aurre egiteko hainbat trikimailu, hainbat jolas asmatu eta berrasmatu ditu. Jolas hauek bizitzaren aldare desberdinetan koka litezke: Erlijioaren aldarea, Kirolaren aldarea, Politikaren aldarea, Artearen aldarea, eta hor nonbait euskal antzertiaren aldarea (hutsa) aurkitu dugu.
Gordon Craig antzerkigizonaren idatzi teorikoetan oinarrituta, aldare hauen arauei buruz gogoeta xume bat egitea da hemen nire helburua. Azken funtsean jolas guztiek arau aurrezarri batzuk baitauzkate.
Hiru adibide jarriko ditut euskal antzertiaren aldareari buruz hitz egin baino lehen.
Lehenengo aldarea kirolarena izan liteke, eta kirola aipatzerakoan pilotarena datorkit gogora. Pilotak bere arauak ditu, eta pilotariak arau hauek betetzen ditu, eta ikusleak —herriak— ondo asko daki kode hauek zeintzuk diren. Arau hauek mekanika bat eta poetika bat daukate. Alde batetik, arau mekanikoak, espazioan (falta, pasa, txapa...), jokalarian (pilotariaren biomekanika...) oinarritzen dira eta beste batetik poetikaren arauak daude (partiduaren intentsitatea, emozioa...). Hala ere, kirolaren kasuan, jokoa dago barne, hau da irabazle eta galtzaile bat dagoela.
Beste aldare bat, non galtzaile eta irabazlerik ez dagoen, artearena da. Aldare handi honetan, beste aldare batzuk daude eta pinturarena izan liteke horietako bat. Pintura ere kode mekaniko eta kode poetikoez baliatzen da. Adibidez, pinturaren mekanikaz hitz egiten dugunean teknika piktorikoak datozkit burura. Eta pinturaren poetikaz hitz egiterakoan, historian zehar sortutako estetika desberdinen jolasa aipatuko nuke: pintura espresionista, surrealista, abstraktua... eta ikuspuntu estetiko bakoitzak, bere jolasean, kode eta arau propioak ditu.
Euskal antzertiaren aldareari buruz hitz egin baino lehen, beste aldare txiki baina gure herriarentzat hain adierazgarri eta aberasgarri den bat aipatuko dut: Bertsolaritza. Gure kulturaren sustraietatik irtendako arte honek ere bere arauak ditu, eta arau hauek ere funtzio mekaniko eta funtzio poetikoak betetzen dituzte. Bertsolaritzaren mekanikari dagokionez, esan dezakegu, bertsoaren neurria, errima... har ditzakegula arau moduan, eta poetika bati buruz ere hitz egin dezakegu, adibidez, bertsoaren gaiaren erabileran bertsolariak ematen dion kutsu poetikoa (doinuaren erabilera, malezia, jatorria, bat-batekotasuna...).
Antzertian ere arau batzuk badaude eta adibidez Indiako kathakali antzerki-dantzan kode hauek bai aktoreek eta bai herriak ezagutzen dituzte. Horren urrun joan gabe, Zuberoako maskaradetan ere kode batzuk aurki dezakegu, eta kodifikazio horiek herriak eta antzerki draman parte hartzen dutenek ondo ezagutzen dituzte (espazioaren erabilera, pertsonaien karakterizazioa, dantza kodifikatuak...). Baina, biziki eraberritu den gure antzerkiak, bere norabidea kolokan jarri du, espiritualtasun gabeko antzerki psikologiko batera gehiago hurbildu delarik. Errituaren eta kulturaren oinarriak ahaztuta, ikuskizun hutsa bilakatu da egungo antzerkia.
Euskal antzerki bat sortzeko ahaleginak egin dira, baina norabide eta noranzkoa falta zaio. Antzerki muntaiak ekoizteaz aparte, gogoetarako bide bat zabaltzea beharrezkoa da. Hortaz, euskal antzerkiaren gogoeta egiteko ordua iritsi zaigu, zeintzuk diren euskal antzerkiaren ezaugarriak, zein araurekin jolasten duen. Zein den bere estetika, aktorearen metodologia eta pedagogia. Antzerki amateurraren bultzada ezinbestekoa da, antzerkigintzaren profesionaltasuna eta nola ez zaletasuna, talde amateurretatik iritziko baita, edota eskola eta unibertsitateetan ateratzen diren taldeetatik. Aktoreak bere indibidualtasuna alde batera utzi behar du. Antzerkiari zabaldu behar dizkio eskuak. Izan ere, bizitza moderno honek aktorea protagonista bilakatu baitu, antzerkia bera bere osotasunean alde batera utzita, eta nola ez, publikoa (herria). Horretarako artearekiko militantzia bat beharrezkoa da. Benetako komunikazioa antzerkiaren eta herriaren artean gerta dadila. Kulturaren aberastasuna anonimatuan baitago, eta ez bizitza moderno honek saldu nahi dizkigun heroi faltsuetan.
Lantzeko dauden beste esparru batzuk hauek izango lirateke: euskararen erabilera nola moldatzen den draman, dokumentazio zentro bat zabaltzea, euskal taldeen inplikazioa eta elkarrizketa, antzerkiari buruzko terminologia bat osatzea —pedagogia baterako oso baliagarria izango baitzaigu—, atzerritar dramagileen testuak itzultzea, eta abar. Hauek lirateke jorratu beharreko benetako gaiak, euskal antzertiaren aldare hutsa berreskuratu behar badugu; bertan, gure espresioa, gure garrasia eta barrea, gure irrintzia, gure izatea (pertsonala / unibertsala) atontzeko intentzioarekin.
Bota ditzagun haziak euskal antzertiaren aldare hutsean eta has gaitezen behingoz dantzan, jolasean, olgetan... horrela bakarrik hitz egin ahal izango baitugu benetako euskal antzertiaz.
2001eko apirila, Argia