Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aktore europar baten eskizofreniak
Ez, ez dut ez, pertsonaia dramatiko bat egiterakoan gerta daitekeen pertsonalitate aldaketaz hitz egingo, topikoegia da. Ofiziodun aktoreak erabat gainditua izan behar du fase hau. Pertsonaia baten azalean sartzeak ez du inolako patologia psikotikorik ekarri behar, eta hala denean, bizitza pertsonala eta bizitza dramatikoa nahasten direlako gertatzen da edota ofizioa ez delako ondo ulertua izan.
Eskizofrenia hitza E. Bleuler-ek proposatu zuen 1908an, grekozko skizein: zatitu, arraildu, eta fren, adimen, izpiritu hitzekin osatuz. Hitzaren esan nahia aprobetxatuz, zera esan dezaket: antzerkiarekin daukadan erlazioa eskizofrenikoa dela. Mundu krudelaren anabasan galdu aurretik, antzerkiarekiko dudan sentimendu eskizofreniko hau kroniko bilakatu baino lehen, nire eldarnioak zurekin konpartituko ditut. Ziur nago askatzailea izango dela. Bai zuretzat, bai niretzat, bai gure antzerkiarentzat.
Sarritan gertatu zait, lan-bidetik atera eta nire benetako ofizioa zein den ahaztea. Peter Brookek Espazio hutsa liburuan, azterketa interesgarria burutuz, lau antzerki mota planteatzen ditu. Brookek antzerki hilkorra, sakratua, zakarra eta berehalakoa bereizten ditu. Bere gogoetak abiapuntutzat hartuz, antzerkiaren ideia orokorra alde batera utzi eta aktore izatearen partikulartasunaz mintzatuko naiz. Aktore ofizioa zertan den edota zertan bilakatu den azaltzeko hona hemen diagnosia. Bost talde nagusitan bereiziko ditut: aktore modernoa, aktore protagonista, aktore postmodernoa, aktoreen aktorea eta aktore krudela.
Lehenbizikoa eta gaur egungo aktore modeloa aktore modernoa da, gizarte eredua. Aktore modernoak zineman, telebistan eta publizitatean egiten du lan, ikus-entzunezkoen medioan hain zuzen. Bi aktore mota ezberdintzen ditut: aktore heroikoa eta aktore birtuala.
Lanbidearen gailurrean eta posturik pribilegiatuena aktore heroikoak betetzen du. Zeru eta izarretatik oso hurbil dagoen aktore modeloa da. Zazpigarren artearekin jokatzeko gaitasuna dauka. Zine izarrak dira aktorearen Olinpoan aurkitzen direnak eta beraien dirdirak ikusmin berezia sortzen du. Telebistako aktoreek ere egunerokotasunaren eta oro har kulturan ospe handia daukate. Batzuek, publizitatearekin ere ausartzen dira, eta edozein produktuz hitz egin eta seduzitzeko kapazitatea daukate: bidaia paradisiakoak, CXPower mugikorren beherapenak, janari prefabrikatuak, hipoteka eta kreditu baxuak… kontzientzia ere zaku berdinean sartu eta denbora gutxian poltsikoa betetzeko aukera paregabea izaten du aktore heroikoak.
Aktore birtualak ostera, telebistan lan egiten dutelako dira ezagun. Normalean ez dira aktore ofizioa ikasitakoak, denetarik dago: kazetari, filologo, aurpegi handi, xouman edota entxufatuek betetzen dute plantilla. Ipurdian hesola bat sartu dietela dirudi! Bere keinurik nabarmenena, ezpainetan agertzen da eta aurarik gabeko irribarrea lortzea da beraien meritua. Badira hala ere, pertsonalitateari eutsi eta lan serio eta onak egiten dituztenak. Lanbide honetarako benetan balio dutenak, alegia. Eskema jakin batzuekin jokatzen dute beti, eta inprobisazioa eta freskotasuna da beraien arma. Ondo aski dakite, espazio diegetikoaren barnean denbora eta audientziaren tenperatura urrea bezain preziatuak direla.
“Play, play, play…”, bizitzaren joko miserablean sartu gara! Aktore protagonista, xxi. mendeko europar tragediaren idolo izatetik urrun dago, edo ez! Hala ere, dramaren funtsezko artista, bera da. Ikuskizunaren munduan dago bere tronua. Bi eratakoak antzeman daitezke: Aktore organikoa eta Itzaleko aktorea.
Aktore organikoa herriak aukeratzen du “normalean”. Calderon de la Barcaren El gran teatro del mundo bezala, bizitza eszenatoki handi bat bailitzan funtzionatzen du aktore honen lanbideak. Su artifizialez inguraturiko Tobera Mustrarik esperpentikoena da. Paperean sartu eta benetan sinisteko gai diren aktore arketipoak dira. Sistema demokratikoa dute eredu. Txotxongiloak bailiran hitz egin eta mugitzen dira. Gezurra egia bihurtzen maisu, ohitura zuzenen adibide garbi eta klixez josiak dituzten jantzi grisekin osatzen dituzte beraien agerraldiak. Telebistan, komunikabideen aurrean, jaialdi jendetsuetan, sari banaketetan… maskaraturik agertzea oso gustuko dute. Kolore askotako taldea osatzen dute politikari, apezpiku, kultur teknikari, programatzaile, legegizon zein kirolari hauek.
Bestalde, Itzaleko aktorea dago. Platon filosofoak interpretatu zituen lehen aldiz, leizeetako garaian sortutako aktore honen portaerak. Praga edota Txinako tradiziozko antzerkitik ateratakoak dirudite. Txotxongiloak, aktore organikoak, manipulatzeko ezinbestekoak dira. Japongo bunraku antzerkikoak bezala, txano beltza daramate. Hauek dira benetako hariak mugitzen dituztenak. Ikusezinak. Agente hauen eginkizuna, bizitzaren merkatua kontrolatu eta kultura debaluatzean datza.
Hirugarren aktore mota, aparta eta groteskoa agertzen zaigu. Gaur egun, aktore postmodernoa deritzona, perretxikoak bezala zabaldu da europar lurralde osoan. Ofizio aipagarrienak, aktore pintxozalea, aktore anorexikoa, txakur-ametsen aktorea, aktore mundia, aktore terapeutikoa eta aktore engainatua dira.
Aktore pintxozalea, casting batetik bestera ibiltzen dena. Publizitatea da bere diru iturri nagusia. Aktore hauek, curriculum oso luzeak izaten dituzte, gehienak Estatu Batuetan ikasitakoak izaten dira. Jan orduetan, menu osoa eskatu baino, nahiago dute pintxo gozo batzuk dastatu eta hilabeteko soldata egun bateko lanarekin asebete. Horrelakorik ez denean, zarzuela, opera eta ikuskizun komertzialetan figurante lanak hartzen dituzte.
Bestalde, aktore anorexikoa dago. Ofizio honetan, fisikoak berebiziko garrantzia du. Egia esan, lanbide gogorra da eta arriskutsua ere bihurtu daiteke. Normalean modatik datorren jendea izaten da. Kontaktu on batzuen eraginez, interpretazioaren sua pizten zaio, eta zineman, telebistan zein antzerkian, bere ospe eta edertasuna medio, lan egiteko aukera izaten du.
Txakur-ametsen aktorea ordea, fantasia hutsean murgiltzen den pertsona izango litzateke. Artista kimerikoa. Segundo batzuetako fama lortzeko bere arima edozergatik saltzeko gai dena. Txikitatik aktore izateko ilusioa izan duena, baina amets hori lortzeko pauso bat ere eman ez duena. Kolpezko indar magiko batek, bat-batean munduko aktorerik trebeena eta ezagunena bihurtuko duena. Eta hala ez denean, fans elkarte batean bukatzen du, edota prentsa arrosaren astekariak erosten.
Mugarik gabeko aktorea edo aktore mundia, aktore mota hau sentimendu pseudo-hippie batek mugiarazten du. Aktiboki parte hartzen du gobernuz kanpoko erakunde ugaritan. Badu baita puntu teologiko bat, batzuetan Hirugarren Munduko herrietara joaten da bere bizi-poza azaltzera. Norbere herrian aurkitzea sailagoa bai da.
Aktore terapeutikoa, berdin zaio Heiner Müller-en Hamletmaschine edota Carlos Arniches-en La seńorita de Trevélez egitea. Lagun berriak aurkitu eta ondo pasatzea da kontua. Gorputz espresioa eta batez ere, desinhibizioa lantzea gustatzen zaio. Pentsatzea, ostera, ez horrenbeste. Ni nor ez naizen aurkitzea du helburu, eta ikastaroz ikastaro abiatzen da bere txandal berde pistatxoarekin.
Aktore engainatua, postmodernitatearen ondoriorik latzenak pairatzen ditu aktore mota honek. Animatzaile sinpatikoa da. Bere laneko objektu konplizea sudur gorria izaten da. Urtean zehar lan bitxiak egiten ditu: neguan errege, udaberrian Jesukristo eta udan monitore. Familia burgesetako umeen jaunartze eta urtebetetzeetan ere parte hartzen du. Lan dinamikoa da erabat. Baina bere unerik magikoena, ezkongabeen agurretan kremazko pastel baten barrutik ateratzen denean izaten da. Ofizio honetan dabilenak, ez ditu hirietako antzoki ederrenak inoiz zapaldu. Bere burua engainatuz, aktore hoberena dela errepikatzen dio etengabe bere kontzientziari. Udazken garaian, itsulapikoa hustuari begira negar egiten du.
Beste talde bat aktoreen aktoreek osatzen dute. Aktore izandakoak dira, ofizioa utzi eta antzerkigintzaren beste esparru batean aurkitzen dute lekua.
Adibidez, patuak betirako antzerkiarekin lotu duen gorbatadun aktorea daukagu. Arropa, aseguru etxe edo arrain saltzaile bihurtu baino, nahiago du ondo ezagutu eta kontrolatzen duen medioan lan egin. Oholtza gainean lan egindakoa izan arren, kamerino, jantoki eta bulegoak bihurtzen dira bere lantoki. Ekoizpena eta banaketa dira bere ofizioaren jomugak. Programatzaileekin eta erakundeekin hitz egin eta konbentzitzea da bere eguneroko antzerkia.
Egia esan, aktoreen aktore izatea istripu antzerako bat da. Antzerki aktorearen diru iturria eskasa izanik, ikastaroak edota eskolatan klaseak ematen bilatzen du aktore pedagogoak alternatiba. Arte dramatikoaren hezkuntzan, alor pedagogikoan hain zuzen, ofizioz aritzen direnak gutxi izaten dira. Normalagoa da, antzerki bolorik ez izan eta ikaskuntzara dedikatzea, sarritan ofizio hau frustrazioz egiten delarik.
Azkenik, Antonin Artaud-en “Krudeltasunaren antzerkia” paradigmatzat hartuz, aktore krudela daukagu. Antzezpenaren artea da aktore honen ezaugarri nagusia. Zerutik baino, infernutik hurbilago daude aktore amateur, IMI aktore, 4x4 aktore eta aktore hutsak.
Aktore amateurrak militantzian sinisten du, eta arte dramatikoak erakartzen du. Antzerkiaren etorkizuna positiboki sentitzen duen aktore mota bakarra da.
imi aktoreak, aldiz, J. Grotowskik modelatutako aktore pobrean du bere oinarria. Baina bere entrenamendu fisiko eta bokalak, bere diziplina bortitzak eta espiritualtasun bideak, imi edo oinarrizko errenta kobratzera derrigortzen du. Nahiz eta, utopia eta materiaren arteko oreka bilatzea kostatu.
4x4 aktorea edo aktore todoterrenoa, urte berean sei obra ezberdinekin ibiltzen dena da. Aktoreak nolabait bizi ere bizi behar du, eta zaila da obra berarekin sasoi luze bat egitea. Horregatik, aktoreak hainbat obrarekin batera jokatzen aritzea baino beste erremediorik ez dauka.
Guztietatik krudelena, aktore hutsa da. Aktore honek antzerkian egiten du lan. Eszenatokian denean, bere arima eta gorputza inoiz ez ditu saltzen, oparitu baizik. Krudeltasun eta edertasunaren artean bizi den benetako antzerki aktore bakarra hau da.
Ai ene! Espiritua arraildu zait. Antzerkiaren merkatuan aktorean egoera itogarria da. Europar merkatuan, burtsak, interesen arabera jokatzen du aktorearekin. Eta merkatuak interesatzen zaionean inbertitzen du soilik. Panorama honen aurrean, ez zait interesatzen aktore izatea. Aktore izatea ez baita interes kontu bat, behar bat baizik. Erotua ote nago?
2006ko apirila, Argia