Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Etxekoak
Urtebete pasatu dut agertokietara igo gabe. Baina urtea ez da alferrik pasa. Hiru antzerki lan, hiru proiektu ezberdin zuzentzeko aukera izan dut. Iduzkilore antzerki taldearekin Hazparneko Anderea, Lauka Teatroarekin Amodioaren ziega eta Abarka antzerki taldearekin Abarka shortak. Egun teatroarekiko dudan ikuspuntuaren parametroetan sartzen dira hiru proiektuak. Eta niretzat badute zerbait berezia: euskara dute bihotz, antzerkia taupada.
Aulestiko Artedrama Topaketen hamargarren urtea ere primeran joan zen. Bai laborategia eta baita jaialdia ere. Zahartzen ari gara, baina izpirituak berdin jarraitzen du. Antzerkia gertakari bilakatzen denean, ederra da herri txiki batean auto ilarak ikustea.
Antzerki hezkuntzak eta transmisioak duen garrantziaz ohartuta, eta antzerkiaren ezagutza partekatu eta zabaltzeko asmoz, Aulestiko Urregarai Herri Eskolan, Kanboko Xalbador Ikastolan eta Senpereko Arretxe Kolegioan aritu naiz haur eta nerabeekin lanean. Bestalde, gure sorkuntzak eraiki ahala mediazioak gauzatzen joan gara: Leioan, Zumaian, Uztaritzen, Itsasun eta Luhuson.
Gainera, kameraren aurrean lanean aritu naiz. Oso ezberdina da, beste mundu bat. Hala ere, esperientzia ederra izan zen Asier Altunaren Amama pelikulan aktore moduan lan egitea. Laster, Xabierren pertsonaia jokatzen ikusiko nauzue pantaila handian. Polita izan da, era berean, Bertol Arrietak idatzitako gidoian oinarrituta eta Juanfe Garcesen aginduetara egin genuen Literaturiarako Odolean daramagu bideo promozionala prestatzea. Zer esanik ez, Goserentzat Zoroetxeko harresia bideoklipa grabatzea. Proiektu ezberdinetan murgiltzen zarenean, argi geratzen da harro sentitzeko moduko lantalde trebe eta bikainak ditugula euskal sorkuntzan, esparru ezberdinetan. Kultur ametsak egia bihurtzeko, gizartea eta politikak behar dira aldatu.
Orain, taula gainera berriz igotzeko momentua iritsi zait. Proiektu eta estetika pertsonalago batetik abiatu naiz, ia hogei pertsonak osatzen dugun lantaldean: Huts Teatroa. Hiru urteko sorkuntza prozesuaren ondoren dator lan berria, Artedrama Arte Eszenikoen Plataformaren magalean sortua. Jon Gerediagak idatzia. Kristiane Etxaluz, Maika Etxekopar, Javier Barandiaran eta laurok jokatua. Sorkuntza batek dakarren buruhauste, gaixotasun, poz, zirrara, beldur, kili-kili, akidura eta abarren zakua sama gainera botata, ohi dugun bezala azaroaren 1ean (nire urtebetetze egunean) estreinatuko dugu Etxekoak.
Eta bitartean borrokan jarraituko dugu. Batzuetan arrakasta, besteetan arrastaka. Antzerkiak, eta, oro har, euskal kulturak, behar duen lekua aldarrikatzen eta gauzatzen. Bakoitzak bere lekua bilatzen. Edo imajinatzen.
Bluk nire lagun minak esaten didan bezala: “Ekintza performatiboak egin behar dira. Terrorismo poetikoa, saltsa eta egur pixka bat ekarri gurera. Bilbon dagoen Puppy txakurra beltzez tindatu eta Gasteizko udaletxe atarian Marotorentzat utzi opari gisa, Donostia 2016ko kultur hiriari puzker kulinari galant bat bota, Baionako antzokia okupatu, Donibane Garazitik pasatzen den Santiago bidean barrikadak jarri, Mauleko karriketan Matalasen burua eskegita erakutsi eta Iruńeko txupinazoan ikurrin anarkista erraldoia zintzilikatu, Amaiurretik Lodosara iristen dena. Kandela!”. Eta nik “ezetz!” erantzuten diot Bluk nire lagun minari. Agian, Habanako haizearen eraginez bihotza xamurtu zaidalako-edo. Baina nahiago dut bidea beste era batean eraiki. Isilean. Albora eta zeharka begiratu baino, barrura eta aurrera begira. Pentsa! Sanjoanak ere gainean ditugu eta hobe da ariman gordetzen ditugun belar txarrak sutara botatzea. Belar txar gutxi batzuk hurrengo urterako lagaz, noski!
Urtebete pasatu dut etxe honetan iritzi artikuluak idazten.
Hamaika artikulu idatzi ditut, ez bat gehiago ez eta bat gutxiago, hamaika. Eta agur esateko garaia dela sentitzen dut. Gustura hartuko nuke beste norbaitek segida emango balio gogoetaren lauhazkari. Euskal antzerkiaren inguruan iritzi kritikoa piztu edota sortzea beharrezkoa baita. Nik hala sentitzen dut behintzat, eta horregatik hartu nuen horrelako eginkizun batean parte hartzeko konpromisoa eta trabesa. Eskerrik asko etxekoei eta etxeko sentiarazi nauzuen guztiei. Orain, urtebeteren ondoren, agertokietara igotzeko unea da. Antzokietan elkartuko gara etxekoak. Ondo-ondo izan!
2015eko ekaina, Berria