Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Etxeko zapatiletan
Sorkuntza prozesu bakoitza desberdina da nigan, segun nondik begiratzen zaion, zein den ofizioa, aktore edo zuzendari, adibidez. Aktore lana fokalizatuagoa daukat, zuzentzen dudanean ordea... Zuzendari batek bere eremua gehiago zabaldu behar du. Oso desberdina ere bada nork bere sorkuntza propioak dituenean edo enkarguzkoak direnean. Martin Zalakain ez da nirea, nire egin dut, baina oso desberdina da. Harkaitz Canori ere berdina gertatuko zitzaion. Norberarekiko exijentzia maila desberdina da.
Haur bat munduratzearekin konparatzen ditut istant horiek. Ez dut inoiz haurrik izan, eta ez dut uste edukiko dudanik, nire kondizio maskulinoagatik, baina imajinatzen dut bederatzi hilabeteko prozesu hori desberdina izango dela haur batetik bestera. Horrela sentitzen dut nik, erditze moduko bat bakoitzean. Batzuetan oso ondo joaten da, besteetan konplexua da, batzuk denboran luzeagoak dira, besteak laburragoak.
Dakidana da egingarria izango den proiektu bat bururatzen zaidanean gorputz osoa pizten zaidala, behatz puntatik hasita buruko ile puntaraino. Lehenengo pultsuetan energia piloa etortzen zait. Eta konpartitzeko beharra izaten dut. Lehenengo intuizio bat dudanean konpartitzen baldin badut konprometitua sentitzen naiz, kontatu dudan horrek balioa daukalakoan, beraz, agertoki gainera eraman behar dudala.
Baina sorkuntzak perspektiba desberdinetatik begiratu behar dira. Nolabaiteko gorakada izaten baduzu ere, garrantzitsua da hori guztia jaistea. Horretarako oso onak dira goizak. Oso goiz jaikitzea. Ezerk zentzurik ez daukanean idatzi duzuna berriro irakurtzea, eta ikustea baietz, heldulekurik baduela. Esango nuke sorkuntza prozesua errusiar mendi baten antzekoa dela. Batzuetan zaude zeruan eta beste batzuetan lur azpian. Beti esaten dut gure ofizioa batzuetan arrakastaz josita dagoela eta beste batzuetan arrastaka gabiltzala.
Nolanahi, sorkuntza dena da. Ofizio guztietakoa. Hori ez badago uste dut bizitzeko ilusioa ere galdu egin daitekeela. Beti da bor-bor bat, nahiz leku desberdinetan lan egin, sorkuntza horrek ezinbestean egon behar du. Buruari bueltak ematen dizkiot, eta asko gainera. Eta denborarekin armak bilatu ditut. Paseatu egiten dut borborka dauden ideiak argitzeko. Eta kirola egiten dut, burua oxigenatzeko. Igeri egiten dut, eta igeri egiten dudanean hor egoten naiz, ez dakit igeri ondo egiten dudan, baina ideiak ordenatzen ditut.
Irakurketa eta obserbazioa. Oso garrantzitsuak diren beste bi elementu. Oso liburu teknikoak irakurri izan ditut beti, baina aspaldian euskal idazle asko irakurtzen ditut, ea zer dioten, ea hortik ideiak harrapatu ahal ditudan. Beste gauza batzuk ikusten, elikatzen etengabe. Gure ofizioak naturarekin harreman handia du eta guk azkenean kopiatzen dugu bizitza nolabait esateko. Kopiatzen dugu forma desberdinetan: absurdotik, espresionismotik, errealismotik, naturalismotik... Baina ari gara gizakiaren eta naturaren arteko erlazio horretaz hitz egiten beti.
Eta intuizioa. Senari kasu egin behar zaio sorkuntzan zaudenean. Ondo dago pentsatzea, baina intuizioari leku asko utzi behar zaio. Eta bide horretan oso garrantzitsua da taldekideen babesa. Aktorea bakarrik igotzen da oholtzara, baina atzean talde bat egon izan ohi da, denok ari gara barku berean lanean.
Ez naiz beldur, baina bertigoa dut
Normalean ez dut beldurrik sentitzen obra baten aurrean, hitz potoloegia da, baina bertigoa bai. Baita segurtasun eza, konfiantza falta ere. Horiek ere egoten dira sorkuntza prozesuetan, bestela errazegia litzateke. Zuk bisualitzatzen duzunetik obra egiten den arte epe batzuk daude, eta batzuetan ezin iritsi aritzen gara. Denborak asko markatzen du. Ez da gauza mekaniko bat. Ez dakizu nola funtzionatuko duen pentsatu duzun horrek. Baina hor dago, epea jarrita, publikoak erosi ditu sarrerak, eta dagoeneko iragarri duzu ez dakit zenbat eguneko bira... Horrek agian ematen dit beldurra. Bestela, sortze prozesuak ez du beldurrik ematen, kontrakoa esango nuke, hor bai segurtasun eremu batean zaudela.
Ordu gehiegi lan egin ondoren, ordea, etor daitezke blokeoak. Gauza bati arrazoiaren bitartez buelta gehiegi ematen dizkiozunean. Tentsioak daude, eta tentsio horrek eraman zaitzake blokeora. Horregatik da hain inportantea aktorearen entrenamendua eta fisikoki eta espiritualki ondo prestatuta egotea. Balio handia ematen diot horri. Ariketak, beroketak... Blokeoak arrazoitik datoz, pentsamendutik, eta hori askatzeko inportantea da gorputza aktibatzea.
Lana da gakoa. Beti. Inspirazioa niretzat ez da existitzen. Ez da etortzen. Inspirazioa lan eginez etortzen da. Zerbait idatzi behar baduzu ez duzu inoiz ezer idatziko ordenagailuaren aurrean jartzen ez bazara. Lapitz bat eta paper bat ez badituzu hartzen, eduki ditzakezu kristoren ideiak, baina lanean jarri behar da. Hor etortzen da inspirazioa, lanetik. Odolaren mintzoan Xalbadorrek idatzi zuen: “Gosta gabe, deusik ez”. Eta horretan bat nator berarekin.
Inguru egoki bat izatea ere lagungarri da sorkuntzan. Niri bero egotea gustatzen zait. Gorroto dut hotza! Haserretu egiten nau. Gustatzen zait etxeko zapatilekin bezala egotea lanean. Eroso. Nire habia izatea. Eta antzokietan gauza bera. Nahi dudana egitea, nahi dudan ordura arte. Egia da denborarekin ere aldatu egin naizela. Lehen sorkuntzarako nahiago nituen arratsaldeak eta gauak. Oso berandu lotaratzen nintzen. Orain ezin dut. Testuak goizean goiz, 07:00etan, ikasten ditut, isiltasun osoa dagoenean.
Baina batzuetan bada ihes egiteko beharra ere. Oso turista txarra naiz, ez dakit zer den oporretan egotea. Baina hori orain ikasi dut, denborarekin. Eta eskertzen dut. Nire emaztea kubatarra da eta urtero Gabon partean Habanan hiru aste pasatzen ditut. Ondo etortzen zait, denbora hartzen dudalako liburuak irakurtzeko eta deskonektatzeko. Nolanahi ere, zaila da guztiz deskonektatzea; gure burua beti alerta dago, gure ofizioak exijitzen digu obra bat egin ondoren, nahi baduzu honetatik jaten jarraitu, beste obra batean pentsatzera.
Ofizio honen intentsitateak eragin fisikoak ere baditu. Denetarik izan dut. Urtikaria, aurpegian ateratzen zaizkizun hogei mila granoak... Oso-oso urduri egoten naiz sorkuntza prozesuan. Emanaldia daukagunean ere oso urduri egoten naiz, ezinbestean komunera joan behar izaten dut. Oso fisikoa da sortze unea. Eta behin estreinatuta ere, uste dut sortzen jarraitzen dugula. Ez da gauza hil bat, gauza organiko bat da, bizi bat da. Sormena beti dago hor barruan itsatsita. Barru-barruan, ametsetan eragina izateraino. Txikitatik sonanbuloa naiz. Gauarekin badut zerbait magikoa. Oso ondo egiten dut lo, baina sorkuntza prozesuetan hasten naiz obran pentsatzen eta obra egunez egiten badut, gauez ere jarraitzen dut. Segun eta ze indar duen obrak eramaten nau gauetan sekulako bidaiak izatera.
Eta ametsetatik asko hartzen dut. Sorkuntza propio askotan ametsetan ikusi ditudan gauzak erabili izan ditut. Amamari buruz egin nuen obra batean hostoak erortzen ziren ohe gainera eta obran txertatu nuen. Hortik hasita, baita bestuarioa ere. Gauza kuriosoak ikusten ditut ametsetan. Bada zerbait subkontzientean niri balio didana. Eta kasu egiten diot.
Jarraitu edo ez jarraitu
Hogeita zazpi urte daramatzat antzerkiaren munduan. Ezjakintasunak, antzerkiarekiko interes faltak, politikariek... malaostia sortu izan didate. Nekea ere sentitu izan dut batzuetan ofizio honetan. Lehen aipatu dudan mendi errusiarra oso ohikoa da gure ofizioan, baina ohikoa da batez ere gauza bati lotuta dagoelako: prekaritateari. Prekaritate horretan nekea sartzen zait eta nekea eta gero, zorionez, malaostia datorkit eta aurrera egiten dut.
Gure lana proiekzio kontu bat da. Hazten ari naiz oraindik aktore bezala eta konturatzen naiz oztopo asko ditugula, eta oso modu prekarioan lan egiten dugula. Antzerkian, eta bereziki euskarazko antzerkia sortzen duzunean, zailtasunak handiagoak dira, eta dituzun ametsak ikusten duzu ezinezkoak direla eta horrek frustrazioa sortu ahal dizu.
Baina espazio eszenikoari zor diogu gure lanbidea. Sakratua den eremu bati. Eta sakralitate horrek ematen dio nik ematen diodan dimentsioa antzerkiari. Espazio hori sakratua denez, espazio horretan egiten dena sakratua da. Errespetua diot, kristorena. Batzuetan eroso sentitzen naiz, besteetan ez. Batzuetan ere kezka eragiten dit. Denetariko sentimenduak edukitzen ditut. Baina batez ere sakratua delako.
Normalean emanaldi bat hasi baino lehenago egun osoan nahiko “zen” egoten naiz, zentratuta, energia nahiko baxuarekin, jakinda arratsalde horretan espazio sakratu horretan publikoari dena eman behar diodala. Transmititu behar diodala landu dugun hori guztia. Normalean lasai egoten naiz. Eta obra hasi aurretik beroketak-eta egin eta gero, ia logura sartzen zait. Oso fisikoa da. Gorputzak egiten du halako barrura sartze bat. Eta ja amaitzen denean... oso pozik egoten naiz, sekulako energiarekin... lokartzea ere kosta egiten zait.
Nolanahi ere, jendaurrean egoteak ez nau izutzen, nahiz batzuetan exijentzia maila oso goian jartzen dudan eta iritsiko ez naizen beldur izaten naizen. Uste dut espazio sakratu hori eskaini didatela transmititzeko, zerbait erakusteko eta niretzat opari bat bezala da. Jende hori guztia niri edo gertatzen denari begira dago eta hori la ostia iruditzen zait! Horren kontrola edukitzea, hori dominatzea eta arnasaz eta energia batekin osatzea iruditzen zait izugarrizko oparia humanitateak deskubritu zuena orain dela ez dakit zenbat mila urte.
Horra iristeak errespetu handia ematen dit eta planteatzen diot neure buruari ea gai izango naizen hori egiteko. Orduan sartzen zait urduritasuna, edo adibidez, kristoren logura. Bitxia da. Fisikoki egon behar zara gorputz guztiarekin, horrek eramaten zaitu horrela egotera. Eta bukatzen dudanean halako sentsazio eder bat izaten dut.
Batzuetan izututa sentitzen naiz. Askotan pentsatzen dut, “zergatik dedikatzen naiz ni honetara?”. Batzuetan absurdoa ere iruditzen zait; “nola egingo dut nik orain hau dena?”. Eta gero, egin egiten duzu. Gure lana egitea da, ekintzak egitea. Azkenean sekulako plazera hartzen duzu eta egia da oso pozik bizi naizela aukeratu dudan ofizio honekin, nahiz batzuetan eduki sentsazio oso desberdinak. Nahi duzuna azkenean da publiko horri transmititzea, taldean erabakitako istorio hori. Eta publikoa ukitua ateratzea, “klak” bat eragitea.
2017ko abendua, Gara