Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Irakurle kronopioarentzako oharra: Gaitzerdi teatro konpainiarekin berba egin eta eztabaidatu ondoren idatzi dut testu hau. Nire asmoa da —ikuspuntu intersubjektibo batetik— lantalde honen estetikaren eta bilatze filosofiaren berri ematea. Horren joko eszenikoaren esentzia zehazten saiatzea, zehaztugabeaz ahaztu barik.
Hiztegira jo eta bilatu, aurkitu, irakurri dut zer esan nahi duen konpainiaren izenak.
Gaitzerdi: Gertaera jakin bat uste bezain okerra ez dela adierazteko esapidea.
Gaitzerdi, gaitz erdi, hain gaizki ere ez.
Ondo. Eta baita hau gehitu ere:
Gaitzerdi teatro konpainia (ez taldea). Konpainiaren barne egitura: bost aktore/komediante, eszenografo eta diseinatzaile bat, kudeatzaile eta produktore bi eta, azkenik, antzezleen zuzendari bat. Guztira: 9 pertsona ekipoan, gehi kolaboratzaile tekniko eta artistikoak.
Gaitzerdi 1988an jaio zen, eta Bilboko fabrikek elikatu dute. Krudeltasunaren bizitza honetan, konpainia autogestionatu modura irauten du bizirik. Bere ametsik handienetako bat: teatro konpainia egonkor bat osatzea, jarduera sortuko duen egitura bat.
Egungo teatroaren ibilbidearekin apurtu nahi du Gaitzerdik: dinamika endogenoa duen teatro horrekin, ikertzeko interesik ez duena, nabarmen folklorikoa, eta artearekiko eta kulturarekiko sentsibilitate bakoa; finean, zaharkituta geratu da kultura bera.
Hortik abiatuta, lanerako marko unibertsalago bat sortu dute, zabalagoa, eta, bereziki, azterketari irekia. Horrela ekiten diote amesteari, teatroaren barruan lur birjinak zapaltzeari —musika, dantza, objektuak eta askotariko elementuak barne—, haien esentzia galdu barik: olak, egiturak, gizarte industrial baten parte diren norbanakoak.
Gaitzerdik edozein motatako egituratan sortzen du. Itxuraz galduta dauden espazioak sortzen dituzte, eta horiek oxigenatzen eta energiaz betetzen saiatzen dira. Intuiziotik abiatuta, espazioarekin lotura emozionala eta fisikoa bilatzen dute, eta horrela ematen diote haien piezei testuinguru dinamiko, ireki, sentsual eta emotibo bat.
Etengabeko bilaketa horretan, konpainia honek teatroaren espazioan ematen diren hiru tipologiak jorratu ditu: baga, ikus-entzulearen arabera eraikitakoa (espazioaren ikuspegi geometriko bat dakar horrek, alegia, eszenatokiaren geometrizazio bat: italiar erako teatroa, klasikoa, antzinakoa, teatro txinatarra, isabelinoa, komedia-antzokia. Perspektiba horretan garrantzitsuena da joko eremu ezberdinen arteko harremana, baita eremuotako pertsonaien mugimendua ere). Biga, erreferentetik abiatuta eraikitakoa (hiru aldetatik mugatutako eszenatokia, homogeneoa; espazioak leku erreferentziala betetzen du: teatro naturalista, teatro errealista edo neoerrealista, eta Txekhov; espazio hau erabat erreferentzialtzat dute, leku erreal bat edo itxuraz erreala den leku bat kopiatuz). Eta, higa, komediantearekin lotutakoa (komedianteak bere inguruan sortzen duen espazioa, edo komedianteen gorputzen konbinazioak adierazten duen espazioa. Grotowskiren praktika osoa testu klasikoen berridazketan oinarritzen da, eta espazio informal baten sorrera ahalbidetzen duten testu multzoak ere sortu ditu: bere osotasunean komedianteen harreman fisiko eta keinuen bidez eraikitako espazioa).
Lanak sortzerakoan, inprobisazioaren aukeretatik abiatzen da Gaitzerdi; horrela, azpimarra jartzen du komediante bakoitzaren ikerketa pertsonalizatu eta autonomoan. Konpainiaren lanetan, hainbat joera nahasten dira —ikuspuntu teorikoaz ari garela—: panique teatroan hasi, shakespearetar pertsonaietatik igaro, baita clown ere, maskarara gerturatu batzuetan eta Brechten urruntze teatroan sartu-irtenak egin (animalia zentzu politikoan). Betiere, autokritikaren ikuspegi batetik irudikatuta, horrek nahitaez konstruktibismoa eta bereziki jolasa ekarri barik.
Testuarekin indarra hartzen dute ametsek, irudiek; modu horretan bat egiten dute gorputzek, dekoratuko elementuek eta kasuan kasuko osagarriek, eta, ondorioz, estetika plastiko eta bisuala sortzen. Musika dute lagun, ikus-entzulearekin jolasten dira botere-harremanak erreproduzitu barik, modu diskretuen bidez, exajerazio barik, eta, hala ere, dagoen eta intentsitate handienaz. Zertzeladok gogora dakarte Eugenio Barbak Odin Theatre-n egiten duen jarduna. Hori dena, gainera, teatro osoaren eta abangoardiaren ideia Euskal Herrian txertatuta.
Gaitzerdik, ikerketaren filosofia ardatz, teatro pedagogikoan oinarritutako lanak sortu ditu, performanceak, happeningak, teatro monografikoa, ekintza zuzeneko teatroa eta baita bideoklip eta muntaketetan kolaborazio eszeniko eta sormenezko lanak ere (esate batera, “Serrería”, “Aria plástica” eta “Irudiak”).
Orain Fermin Muguruzarekin (musikaria) eta dut taldearekin biran ari da, musika eta teatroa lotzen dituen ikuskizun batekin. Ireki Ateak du izena, eta konpainia interpretazioaz, eszenografiaz eta performanceaz arduratzen da. Hurrengo ikuskizuna prestatzen ere badabil: “Comedias de Ruzante”, Angelo Beolco errenazentistak idatzia (1502-1542); obra horrek komedia humanistari zor zaion kutsu literarioa du. Ruzante izeneko pertsonaia sortu zuen Beolcok, landa giroko izaera xelebre samarra; garaiko lirismoarekin batera nahasten dira etsaitasunezko hiri giroan bizi behar duen gizonaren zuhurtasuna eta malezia. Gaitzerdik ondo jakin du testu bikain bati probetxua ateratzen —bere garaian, gerora commedia dell’arte izendatuko zuten teatro-moldearen iturburu izan zen—, eta hori egunera ekartzeko helburuarekin ikertzen ari da, abangoardiaren bidetik komedia aztoragarri hau ezagutarazteko.
Bukatzeko, teatroan bide berriak sortzen eta bilatzen dituzten horiek omendu nahiko nituzke, kulturaren zurruntasunari ihes egiten diotenak, huts-hutsean komertziala den teatro egokiaren egiturak hausten dituztenak. Horrela, bada, osasuna eta zori ona, Gaitzerdi.
1998, 23 zenbakia, Ekintza zuzena