Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Bertsoartean irauten duen arnasa
Eta kanta ezazu esandako bertsoa,
kantua baita bertsoaren lurra.
Hassan B. Thabit. Yahili bertsoa
Arkulariak (bertsolaria) eta arkulariaren xedeak (bertsoa) aurkako izateari uzten diotenean, errealitate bakar bihurtzen direnean —iturria, jatorria, etorria— bertsogintzaren artea sortzen da. Bertsolaria eta bertsoa bat eginda doazenean, gezi indartsu bezala sartzen da ikuslearen pentsamendu eta bihotzean. Une labur horretan, ikuslea ia arnasarik gabe gelditzen den istant horretan, uler eta senti daiteke bertsoartearen gozamen estetikoa.
Testuingurua. Esperientziatik abiatuz
Azken urteotan bertsogintzak egindako ibilbidearen ikusle eta parte-hartzaile izan naiz era apal batean. Bertsogintzak niretzat beti estatus sakratu bat izan du eta izango du. Gozamen estetikoa sortzen duen artea, gizarteak sakratu bihurtzen du. Bertsoaren artea sakratua da. Nahiz eta profanatua izan, bertsogintzak beti iraunen du. Euskal gizartean bertsolariaren figura ondo ikusita dago —ez horren ondo antzezlearena— eta bere lana leku askotara moldatzen da. Telebistarekin ere aurrerapausoa eman du.
1980. urtean hasi nintzen bertsogintzaren alde teorikoa ezagutzen. Horretan izan nuen maisu Luis Baraiazarra. Garai hartan, Bilintxen Juana Bixenta Olabe bederatzi puntuko bertsoaren melodiak zirrara sortzen zidan gorputz osoan. Hura izan zen, bertso munduarekiko nire lehen kontaktua. Markinan, bazegoen abadeen txoko bat, eta bertan biltzen ziren astean behin bertsolariak. Ni ere, bertara joaten hasi nintzen. Buztarri, Altzalei eta Justo izan ziren nire lehenengo maisuak. Eta ondoren, Lauaxeta ikastolako Xabin apaiza eta Jon Lopategi. Garai bitxiak izan ziren haiek, ostiral gauero Eibarko bertsolariekin Trabakuako tabernan sutondoan igarotakoak, oholtza gaina Lazkao Txikirekin partekatu izana, herri-auzoetan Azpillaga eta Mugartegirekin gozatutakoak, Mańukorta eta Elexpururekin Amorotoko frontoian Lea-Artibaiko txapela jantzi bezain pronto oholtza guztia apurtu zenekoa, Kanpantxun igarotako gaubeilak, Bizkaiko bertsolari gazteen txapelketak… eta abar preziatu bat. Denborarekin afizioa neurri batean ofizioa bilakatu zen, eta gaur egun oholtza gainera igotzea da nire beharra, baina ez bertsolari, aktore bezala baizik.
Bertsolariaren mekanika eta poetika
arte damatikoaren ikuspuntutik
Zer da bada bertsolaria? Bertsoaren haria daroan herriko poeta, zigorkari, aktore, pentsalari, koblakaria… da bertsolaria.
Bertsolariaren eta antzerki aktorearen ezaugarririk berdintsuena zera da: ikuslearen aurrean duen komunikazio zuzena. Ezberdintasunik nabarmenena, ordea, inprobisazioan dago, bat-bateko jardunean, hain zuzen. Bertsolaria molde eta arau batzuen barruan mugitzen da, baina inprobisazioa da bere tresnarik ederrena. Antzezlea, ordea, molde itxiago eta hermetikoagoetan mugitzen da, badu inprobisaziorako margen txiki bat, baina aktorearen lanak errepikapenean du bere funtsa, eta pertsonaia dramatikoa antzeztu eta gorpuztea da azken adierazpena. Aktoreak ezagutzen du bere patua, bertsolariak ez, ordea. Aktore performatiboa bertsolariaren moldeetatik hurbilago egongo litzateke kasu honetan. Aktoreak, ikasitako testu bat erabiltzen duenez, bere arnasa (energia) eta bere ekintza beste era batean erabiltzeko libertatea eta aukera dauzka (mugimenduan, keinuetan, hitzaren erabileran…). Bertsolariak ez, ordea. Bertsolariaren arnasa plano mentalean kokatzen da. Erabiltzen duen tresna ahotsa da eta bere ekintza-egintza hitza. Aktorea ez bezala, bertsolaria sortzailea ere bada, poeta.
Arte bakoitzak bere arauak, bere paktuak ditu. Arau horiek aldez aurretik pentsatu eta adostutako mekanika batzuk dituzte. Bai artistak bai ikusleak arau kodetu horien barnean moldatzen eta jokatzen du. Bertso munduan, adibidez, edonork daki zer den poto egitea. Gaur egungo antzerkiarekin ez da berdin gertatzen —litekeena da maskarada edota pastoraletan gertatzea, baina ohiturak eta oro har antzerkiarekiko gozamen estetikoa desagertuz doaz—. Ohiturak ohitura direlako soilik mantentzeak fosilizazioa dakar, galtzea, heriotza alegia. Bilatzea/aurkitzea, ikerketa, aldaketa eta jolasak, ordea, ohiturak bizirik irautea dakar.
Zer esanik ez dago bertsogintzaren mekanika ondo ezagutu behar duela bertsolariak. Mekanikaren barruan oinarrizko arauak bete behar dira jokoan sartzeko. Bertsolaritzaren arauen ezaugarriak: hizkera, neurria, errima, gaia. Mekanika hori dominatzeko, bertsolariak teknikaz baliatu behar du. Teknika, bertsolariaren erreminta, tresna da. Bertsolariak bertso eskolan edota bere kabuz egiten dituen ariketek teknika bat izaten dute, eta teknika hori beste hainbat esparrutara zabaldu daiteke. Kontzentrazioa, begirada, arnasketa, imajinazioa lantzea izan ahal dira ariketa batzuk. Visvanatha idazle hinduak, adibidez, honela esaten digu: “Antzerkian, imajinazioa erabiltzen ez dutenak egur zatiak, hormak edota harriak bezalakoak dira”. Bertsogintzan imajinazioa eta batez ere zorroztasuna asko eskertzen da. Bertso munduaren mekanika ezagutu eta ulertzen bada, bertsoa osatzeko taxuz erabili behar diren elementuak zeintzuk diren jakinda, prestakuntza egoki bat lortu eta lantzeko metodo eta estrategia estrukturatuak bila daitezke.
Baina prestakuntza egokiak, mekanikaren ezagutzak edota teknika ondo erabiltzeak ez du deus balio poetikarik ez badago. Arimaren mundu sinboliko eta pertsonalean sartzen gara. Poetikaren sentsibilitatea hausnarketan, senean, inteligentzian… ezkutatzen da. Ikuslearen eta bertsolariaren mundu sinboliko/artistikoa hitza da. Hitzaren bitartez, joko linguistikoak erabiltzeaz gain, beste xede batzuk ere bila daitezke. Baina argi izanda betiere, mekanikarik gabe poetikak ez duela deus balio.
Bertsolariaren artea espazioan eta denboran.
Gorputza eta ahotsa elementu dramatiko gisa
Guztiok dakigu bertsoa eta kantua mundu zabaleko hainbat kulturaren arte eta parte direla. Herrialde guztietan oinarrizko printzipioak berdinak izanda ere, bideak zeharo ezberdinak izaten dira. Artearen eta bizitzaren labirintoan, gure herriak mendez mende bermatutako kultura audio-bokala izan da, eskuz esku ibili izan dugu gure eskueran, ahozko transmisioa erabiliz. Eta horrek berebiziko garrantzia izan du gure historian, baita bertsolaritzaren historian ere.
Garai batean Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika titulupean egindako gogoetak aprobetxatu nahi nituzke aktorearen eta bertsolariaren arteko analisi konparatibo bat egiteko. Eszenatokira igotzeak egoera estrakotidiano batean jartzen gaitu, ikusleak bertsolariari begirada zuzentzen dion unetik gorputza trantze antzeko batean jartzen da, jokoan sartzen da. Lanean hasi bezain pronto, aktoreak/bertsolariak hiru kontzientziarekin jokatzen du. Lehenengo kontzientzia, pertsona (organikoa), bigarrena, aktorea/bertsolaria (mekanikoa) eta hirugarrena, pertsonaia (imajinarioa). Oholtza gainean gaudenean gehien dominatu eta ia une oro erabili behar den kontzientzia bigarrena da, ofizioa. Bertsolariaren ofizioak, errimen ehizari, hitzen dantzari, neurriaren musikari, gaiaren pilotari, zentzuaren zantzu(hari), indarrez heldu behar dio. Burmuin eta gorputzean hiru kontzientziak era kaotiko eta kapritxosoan jolasten diren arren, bertsolariak oreka bilatu behar du. Oreka hori aurkitzen denean, bertso edota saio biribila suertatu dela esan dezakegu.
Artez moldatu eta jokatu behar du bertsolariak espazioan eta denboran. Espazioak batik bat berebiziko garrantzia du. Lekuak definitu egiten gaitu, kokatu egiten gaitu. Bertsolariak espazioarekin duen erlazioa ikuspuntu askotatik azter daiteke (ikuspuntu linguistikoa, soziologikoa, antropologikoa, fisiologikoa…), baina bertsoartearen poetikara iristeko, funtsezko bi egoeratatik pasatu behar du bertsolariak: lehenengoa, bertsolariak inguruarekin duen erlazioa, dagoen giroarekin (ikusleak, gai-jartzailea, taberna, frontoia, beste bertsolariak…); eta bigarrena, bertsolariaren gorputza espazioan (oholtza baten gainean, antzoki batean, taberna batean eserita, balkoi batean…). Bertsolariak lekua sentitu behar du, espazioa hartu, harrapatu. Bertsolariak bere gorputza tokian mantendu behar du, inguruan duena dominatu, ikuslearen aurrean duen erantzukizuna bere egin. Horrela izanda, gorputzaren jarrera, presentzia, era askotakoa izan daiteke, baina, batez ere, gorputzak lasai egon behar du, tentsiorik gabe. Hankek jausita egon behar dute, lurrari iltzatuak, lurrari itsatsiak, gorputzaren pisua hanketara bidali behar da. Jauzi egin. Bertsolariaren arnasa plano mentalean kokatzen dela esan dugu, baina horrek ez du esan nahi gorputza geldi dagoenik. Gorputza espazioan eta denboran erne dago, adi. Barne dantza batek astintzen du bere arima, azkenik kantu bihurtuta ateratzen zaio ahotik hitza, azken adierazpena ahots, kantu eta hitzez esaten duena izanik, eta ikusleari hari eder hori iristen zaio. Horregatik esaten da bota bertsoa. Bestalde, oso itsusia da aktore bat testua botatzen ikustea. Aktoreak hitza jarrita dauka, bereak ez diren hitzak erabiltzen ditu, hitza eta ekintza etengabe errepikatu eta bizirik egotea da bere artea. Poetaren hitz kamuflatua organiko egitea, lehenengo aldiz esango balu bezala. Bertsolariarengan, ostera, hitza eta ekintza bat dira, ideien eta sentimenduen artifizioa sortzen duena. Hitzak kontzientzia imajinario bat sortzen du. Bertsolariak hitzean darama atrezzoa, eszenografia, jantziak, makillajea edo maskara. Bertsoen hitz kateatuek mundu imajinarioak irudikatzen dituzte, pentsamendua jorratuz, balizko tranpak sortuz. Espazio/denbora sinple eta konkretu batetik hasita beste abstrakzio batzuetara bidaiatzen du bai bertsolariak bai ikusleak. Bertsolaritzaren arteak bizitzaz haraindi eramaten gaitu batzuetan, eta nolabaiteko katarsi egoerak bizi izaten ditugu.
Agerian dago bertsogintzak baduela izaera dramatiko bat, eta dramaren bi aurpegiak ezagunak dira erabat: komedia eta tragedia. Aukeratutako erritmo eta doinuak intentzioa ematen dio bertsoari. Erritmo arin eta biziek komediara hurbilduko gaituzte, eta erritmo geldo, sakon eta pausatuek tragediara ostera. Erritmoak markatzen du denbora. Bertsolariaren denboran, antzerkian bezala, premia bat dago. “Hemen eta orain” jardun, egin, esateko beharra. Premia hori jendearen begiradak markatzen du. Baina behin bertsoa hasita, premia bertsolariak markatu beharko luke. Premia ez da urduritasuna, presa, ezinegona. Indar fisiko zein animiko bat ba. Hala izanda, bertsolariarentzat isiltasunak ez du etsai izan behar, isiluneak ere bere jolasa dakar, tentsio dramatiko bat eman ahal dio bertsoari. Bertsolariaren ahotsa bizi hats bilakatzen da, gorpuzdun musika. Bertsolariak ondo ahoskatu behar du, zezeldu gabe. Ahotsaren kolokazioa menperatzea ere garrantzitsua da, esaten den hitzarekin, intentzioarekin jolastea, batik bat. Bertsolariaren gestus-aren energia —tentsioa, gorputzarekiko oposizioa— aurpegian kokatzen da eta ateratzen zaizkion hitz multzoen ispilu begiak dira. Begietan azaltzen zaio egoera animikoa. Erabat konkretua da bertsolariaren begirada infinitua.
Ezin ahaztu gai-jartzailearen irudia. Honek ere berebiziko garrantzia dauka. Funtsean bertsolariaren eta ikusleen arteko haria erraztu eta indartzen du, bertsolariaren ondoan egon arren, ikusleen konplizitate osoa dauka. Ez da bertsoarekin inplikatzen, bai, ordea, saioarekin. Antzerkian zuzendariak betetzen duen lanaren antzekoa da gai-jartzailearena. Saio bakoitzeko dramaturgiaren arduraduna da. Hala ere badira, X. Amuriza bezala, saio integralak egitea gustuko dutenak. Inongo gai-jartzaileren laguntza barik. Antzerkigintzan, Shakespeare edota Moliere aipatuko ditut. Nahiz eta berdina ez izan, horiek ere dramagile bezala dira ezagun, baina aktore eta zuzendari izandakoak ere badira.
Bertsolaritzaren bide berriak.
Ikerketa eta esperimentazioaren behar-bidea
Bertol Brechtek becen izandakoa ikusi balu! Bertsogintza, fenomeno bezala, garai berrien antitesi bihurtu dela iruditzen zait. Pentsamendu sinbolikoan, hermeneutikoan eta ez hermetikoan murgil daiteke, etengabe hizkuntzarekin jolasean, kolektibo imajinarioa sortuz, koherentziaz eta autokritikaz, etika eta politika berriak uztartuz, kultura berreraikiz, gizarte indibidualistari so eginez talde eta kolektiboak sortuz, hezkuntzari berebiziko garrantzia emanez. Ikuskizunaren gizartean bizi garela dio Guy Debord-ek. Egia da, bai, gaurko teatroak ikuskizuna bilatzen du, denbora-pasa hutsala. Baina sumatzen dut bertsolaritzak baduela bestelako xarma. Errituala mantentzen du, herri kulturan barneratua dago eta batzuetan, ez beti, ikuskizun bilakatzen da.
Bertsogintzak abangoardia guztiak ukitu eta apurtu ditu. Nire lagun Oteizak esango lukeen bezala: “Abangoardia prehistorian dago!”. Zenbat bertso saio dadaista, non arau guztiak apurtuak izan diren. Zenbat bertso saio kliniko, patafisiko, metafisiko, sasi saio, surrealista, onomatopeistiko eta minimalista suertatu dira bada. Eta zenbat bertso genero: bertso afariak, txapelketak, saio integralak, bertso-tramak… horrek guztiak laguntzen dio bertsolaritzari bizirik irauten.
Garai berrien aurrean bertsogintzak pertzepzio berrien ikusle fina izan behar du. Memoriari eutsiz, loreak tradizioaren sustraietatik sortzen direla ahaztu gabe. Ikusleen aurrean ez dela esperimentatu behar, uste hori arrazoi-gabekeria bat dela jakinean. Adibidez, Afrikako umeei aldez aurretik probatu gabeko medizina bat ematea bidezkoa al da? Horregatik bada, esperimentazioak aldez aurretik egindako lana izan behar du, etxean, entseguetan, desorduko elkarrizketetan sortzen den lana. Hala ere, logikak baztertuz eta kontraesanak sortuz, bertsolaria beti daukagu es(-per)imentatzen, beti dago bidaiatzen, bai fisikoki bai mentalki. Bertsolaria batez ere, nomada da. Akaso, horregatik irauten du bertsolariaren arnasak. Hurrengo txapelketa nagusian ikusiko gara berriz, Bardeako desertuan, Santiago Bernabeun, Nilo ibai ertzean, Moskuko plaza gorrian, Washingtongo etxe zurian… niri bost axola non izango den. Han izango nauzue, bertsozaleak ere nomadak baikara, bertsolariekin batera arnasa hartuta, kantu eta bertso bila goazen nomadak.
2005eko abendua,
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Bertsolari Txapelketa Nagusia