Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Fuchs anaiak
ueun ezagutu nuen baionar matematikari Iban Harluxetek behin eta berriz errepikatzen zidan Fuchs anaiak ezagutu behar nituela. Ibanen egoskorkeria azkenean errealitate bihurtu zen; ezagutu ez ezik elkarrekin bide oparoak zeharkatzea tokatu zaigu ordutik.
1994. urtean sortu zen Le Petit Théâtre de Pain antzerki konpainian Fuchs anaiak izan ziren eragile nagusiak. [45] Petit-ekoak, euren kamioiekin Frantzian zehar bira oso potoloak egiten zituzten, kilometroak eta kilometroak… Nik esaten nien ez nuela halakorik nahi, etxean egin nahi nuela lan, etxekoentzat eta etxetik hurbil. Antzerkiolaren garaian guk ere Espainiako zein nazioarteko merkatuak genituen jomugan. Nik jada euskaraz sortzeko apustua egina nuen. Bi anaiek ere bazerabilten buruan euskaraz antzerkia egiteko gogoa, eta azkenean nahi horrek elkartu gintuen. Le Petit Théâtre de Painekoek euskaraz hiru bakarrizketa kaleratu zituzten: Fafiole Palassiok Michel Azamaren Tartean, Ximun Fuchsek Dario Foren Juglarea, puta eta eroa (IX. Donostia Antzerki Saria), eta Manex Fuchsek Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarritutako Aulki hutsa antzezlana, azken hau nik zuzendua.
Bakarrizketak 2008ko urte hasieran eman ziren eta, urte berean, Le Petit Théâtre de Painekoak Iparraldeko Dantzarien Biltzarra eta Kilikolo Zirko taldeekin batera izan ziren Kanbo, Zuraide, Ezpeleta, Itsasu eta Luhusoko herri elkargoak abiatutako Harri Xuri kultur proiektuaren kudeatzaileak. Petit-ekoek Luhuso herrian talde egoiliar izateko hitzarmena lortu zuten eta herri horretan dagoen Harri Xuri espazioan kokatu ziren, bertan kultur azpiegitura berri bat sortuz, Hameka izenekoa. Fabrique des arts de la rue et du théâtre en euskara, karrikako arteen fabrika eta euskarazko antzerkia sustatzea zen bere helburua. Antzerkiolakook Babiloniako loreak sorkuntzarako baliatu genuen estreinakoz espazioa egonaldi bat egiteko.
Gutxika-gutxika, elkarlana areagotzen joan zen eta Huts Teatroarekin egindako bi lanetan, Publikoari gorroto eta Hozkailua, Manex Fuchs jartzen da zuzendari lanetan, eta Mariya Aneva bulgariarra Etxekoak antzezlanean sartzen da zuzendari laguntzaile. Ordea, taldeen arteko benetako elkarlana Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia koprodukzioak egiteko batzen garenean hasiko da.
2018an frantses teatroa alde batera utzi eta estruktura berria sortu zuten bi anaiek, Axut! kolektiboa deitzen dena. Iparraldean euskarazko antzerkia egin eta eragiteko. [46]
Zazpi senideko izango zen Axut!-en lehen lana. [47] Zazpi istorio, zazpi testigantza, anaitasunaren inguruan. Bi anaiek argi zeukaten zer eta nola kontatu, eta proiektuan zuzendari lanetan aritzeko eskatu zidaten. Plazera izan zen biak zuzentzea, eta plazera izan zen baita ere hamar urte ondoren Lartzabalen azken errepikak eta estreinaldia egitea. Hamar urte diot, Lartzabalen bertan estreinatu baikenuen Ibañeta antzezlana. Beraz, paraje haietan aspaldiko eta ez hain aspaldiko lagunekin aurkitzea ederra izan zen, ingurumariko laborariak tartean. [48]
2021ean bigarren antzezlana ondu dute: Amua. Taula gainean bi anaiak eta Maite Larburu musikari hernaniarra aritu ziren. [49]
Ofizioa intentsitate handiarekin bizi dute. Zorte handia izan da Fuchs anaiak bidean aurkitzea, eurekin asko ikasi dut. Indarrak batu ditugu eta ekoizpen handiagoak egiteko aukera izan dugu. Aktorearen jokoa egiteko moduetan asko sakondu dugu. Euskal komunitateari zuzendutako antzerkia egiten saiatu gara. Euren egiteko manera batzuk ezberdinak dira eta, normala denez, batzuetan desadostasunak ere izan ditugu, baina badaude amankomunean ditugun beste gauza asko ere. Funtsean, bidean euskal teatroak batu gaitu eta, oraindik ere, elkarrekin bidea egiteko eta elkar laguntzeko gogoak pizturik dirau. Konpromisoak ere!
Ximun Fuchs euskal irratientzako kultur kronikak egiten ibili zen hiru urtez, Zimino baten burutazioak deitu zion ekimenari. Hona hemen berari entzundako iritzi bat: “Nork kontatuko du gure istorioa? Ez badu antzerkiak, literaturak, bertsolaritzak edo zinemak egiten! Hizkuntza bat pentsaera eta emozioen antolaketa eredu bat da. Eta horrek gaitu herri bezala definitzen. Gure lurralde bakarra gure hizkuntza da”.
Moroak gara behelaino artean eta, hargatik, euskarazko teatroak leku duin bat izan dezan borrokan dihardugu. Orduan… Axut!