Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Erdararekin arazoak
Madrilen, batek baino gehiagok esaten zidan: “Tienes que aprender a hablar un poco mejor el castellano”, edo “Tienes que cuidar ese acento”.
Egun batean, Begoña Valle, garai hartan William Layton Laborategiko zuzendari eta irakaslea zenak, kokoteraino baitzegoen nire kastellanoaz, behartu egin ninduen hiztegi bat eramatera, ulertzen ez nituen hitzak apuntatu eta hiztegian begiratzeko. Kontua zen teknika ariketen barruan esaten zizkidan hitz, esaldi edota esamolde batzuk ez nituela ulertzen, ez nituela harrapatzen: “Iñigo, no frivolices” edo “no te pongas trascendental” esaten zidaten. Lehen aldiz entzuten nituen berbak ziren. “Iñigo, tú tienes abuela, ¿verdad?”, eta nik baietz erantzun, harro gainera, “sí, dos. Una se llama Ines y la otra Venancia”. Egiatan ez nekien espainiar esamolde horrek zer esan nahi zuen.
Erdara ulertu ia dena egiten nuen. Batzuetan euskaraz pentsatu eta itzulpena egiten nuen zuzenean, eta hor bai, hanka sartu edota motelago hitz egiten nuen, dena euskaratik erdarara itzultzearen joeragatik. Erraztasuna, jarioa falta zitzaidan. Kostatu zitzaidan artikulua ondo erabiltzen ikastea, “el sartén” edo “la papel” edo “lo muerto” esaten nuen. Pufa! A ze nolako buruhausteak hitzei generoa jartzen. Eta esaldi osatuak? Ez nuen ulertzen zergatik esan behar nuen “te voy a traer” edo “voy a traterte”, eta ez “te voy a traerte”, nik esango nukeen bezala. Edo “me voy a irme”, horrela esanda argi gelditzen baitzen joan egingo nintzela! “Me voy a ir” edo “voy a irme” esanda zerbait faltako balitz bezala sentitzen nuen, horrela inoiz ez nintzela inora joango.
Arazo horietaz aparte, Madrilera eraman nuen hiztegi partikularra aipatu gabe ezin utzi, berezko uzta deituko diodana. Izan ere, Madrilgo lagunei horrela esaten nien: “Ese tiene una gilladera de la ostia!” edo “aquel otro es un gillau”. Eta inork ez zidan ulertzen. Egun batez, nire eskolakide eta pisukide zen Xegun Altolagirre Txetxu legazpiarrari galdetu nion ea “gilladerie” hitza ez zuenez ezagutzen edo erabiltzen, jendeak ez zidala ulertzen eta! Konbentzituta nengoela erdal hitza zela, baina agian euskaraz zela. Txetxuk ere, inoiz entzun gabeko hitza zela esan zidan. Kontxo! Handik denbora batera jabetu nintzen “gilladerie” eta “gillau” hitzak nire herrian erabiltzen direla, pilotarien artean batik bat. Izaera edo estilo markatu bati esaten zaio, harrotasun puntu batekin ibiltzen denari.
Nire erdarazko lehen antzerkiko gidoian esandakoak ere ondo oroitzen ditut. Plaza Mayor-etik hurbil zegoen San Isidro Institutuan Thiasos talde amateurrarekin hasi nintzen antzerkia egiten. Rosa Garcia Rodero filologia greziarrean katedraduna eta greziar antzerki klasikoaren ikertzailea zen taldeko zuzendaria. Emanaldiengatik zertxobait sinbolikoa ordaintzen zigun eta, normalean, Cristina Rotaren eskolako ikasleekin aritzen zen. Hala ere, nik izena eman eta bertan ibili nintzen urtebetez. Aristofanesen Ornithes (Txoriak) muntatu genuen. Nik koruaren barruan putrearen pertsonaia jokatzen nuen. Memorian iltzatuta daukat botatzen nuen lehen esaldia:
BUITRE: Quién fuera el águila de altísimo vuelo
para cernerse sobre las olas cerúleas del estéril mar!
Ez nekien, ezta ideiarik ere, zer esaten nuen, baina emozioa eta intentzioa ez zitzaidan falta. Handik gutxira, koruko putrea izatetik beste maila bat igo ninduen zuzendariak, eta parrizidaren pertsonaia jokatzen hasi nintzen. Cristina Rotako ikasleekin ez nuen feeling ona, eta beste pertsonaia maila gorago batera igo baino lehen, Rosak taldean jarraitzeko ekinari muzin eginez, utzi egin nuen Thiasos antzerki taldea.
Erdaraz ondo egiten jakin ez eta, konplexu hori kentzeko edo, irakurtzeari eman nintzaion. Ajoblanco hilabetekaria irakurtzen nuen, eguneroko prentsa, eleberriak eta baita klasikoak ere. Akorduan dut Baltasar Gracianen El , gaztelania oso politean idatzita dagoen eleberri ederra. Jada ez nuen inor nitaz edo nire azentuaz trufatzerik nahi, eta adarretatik heldu nion gaztelar hizkuntzari. Aurrerago, inoiz bukatuko ez nituen Filosofia ikasketak egitera ere animatu nintzen uneden. Gaztelania jada ez zen niretzat gehiago arazo bat izango. Batzuetan pentsatzen dut beste batzuek alderantzizko bidea egitea ere eskertuko nukeela, batik bat Euskal Herrian bizi eta vasco sentitzen den jendearentzat euskara hizkuntza normalizatu bat izatea, eta ez arazo bat.