Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Publikoa
Garai batean obsesio bilakatu zen eta Augusto Cromlech izenarekin Mina Espazion erakusketa bat egin nuen: Publiko zirriborroak. Antzerkiko publikoa marraztu nuen. Marrazki guztietan ikuslea bakarrik agertzen zen: ikusle aspertua, ikusle metafisikoa, haurdun zegoen ikuslea… guztiek zeukaten rol bat, nire kezkak, nire galderak planteatu asmoz. Zelakoa da antzerkiko ikuslea? Zer espero du? Zertarako doa antzerkira? Zer bilatzen du antzerkian?
Ideia Peter Handke idazle austriarraren Publikumsbeschipfung (Publikoari irainka) lanetik hartu zuela ematen du, baina Xabier Mendigurenek Publikoari gorroto idatzi zuenean Handkeren obraren titulua besterik ez omen zuen ezagutzen. Mendigurenen testu hark harrapatu ninduen eta muntatzea erabaki nuen. Gainera, hain kitzikagarria iruditzen zitzaidan Antonin Artauden mundutik bazuen zerbait bakarrizketa hark. Manex Fuchsen zuzendaritzapean, krudeltasunaren antzerkia gure erara moldatu genuen, 2012an. Antzokira bi ikusle baino joaten ez zaizkion aktorearen mamu, gogoeta, garraxi, amorru eta maitasun istorioa zen Publikoari gorroto.
Publiko oso ezberdina izaten da herri bakoitzean. Niri pertsonalki nafarrak gustatzen zaizkit. Entregatuak dira, beroak. Nahiz eta ez den berdin Lesakan edo Iruñean edo Iruritan egin. Iparraldean oso ezberdina Baigorri, Maule, Lartzabal, Larresoro, Bidart… antzematen dira ñabardurak. Guk adibidez, Donostian, urteen poderioz, lortu dugu publiko bat oso fidela. Herri txikietan ere emanaldi politak ateratzen zaizkigu sarritan, bertako jendeak akontezimendu bezala bizi duelako. Horrelakoetan antzerkiak beste dimentsio bat hartzen du. Ez da haur antzerkirik, ez da jubilatuen antzerkirik, ez da ezkongaiendako antzerkirik, herri antzerkia baizik. Denentzat. Denontzat.
Publikoa ere ezberdina da antolatzaileen arabera, lekuaren arabera. Horretan euskaldunok tribu bezala funtzionatzen dugu. Euskarazko teatroak bere lurraldeak ditu, eta oraindik lan asko egin beharra dago lurralde berriak konkistatzeko. Leku batzuetan desertua izan daiteke, beste leku batzuetan lur oso emankorra. Adibidez, Bilboko Pabiloi 6n edo Portugaleteko Serantes antzokian euskarazko antzerkia egin edota Zumaian edo Aulestin egitearen arteko aldea ikaragarria da.
Ikusle kopuruari dagokionez, 200-300 pertsonako ikusleria da gehien gustatzen zaidana. Kopuruak handitzen direnean, adibidez, mila pertsonaren aurrean egiten duzunean, zerbait dago galtzen dena. Intimoa den hori gehiago zabaldu behar da, ez baita berdin ematen, ez baita berdin iristen.
Batzuetan gure herrian ikusten dut publiko konprometitua hizkuntzarekin, baina ez konprometituta teatroarekin. Teatroarekiko ardura eta jakintza eskasa dago, interesik eta transmisiorik egon ez delako batik bat.
Antzerki emanaldia bukatu eta jendea txaloka hasten da. Tira, ez beti. Oñatiarrak, adibidez, emanaldia bukatuta ez dira sekulan segituan txaloka hasiko. Antzezlana asimilatzeko edo, beraien denbora behar dute. Herri batzuetan hotzagoak izaten dira txaloak, beste herri edo plaza batzuetan ostera oso beroak, adibidez Aulestin. Eta gero etorriko dira kritikak. Lagunen eta bekaiztien iritziak. Hala ere, nik beti izango dut salbatuko nauen kontsolamendua, nire amak beti defendatuko duelako egiten dudana. Emanaldiaren bukaeran nire ama beti zutitzen da. Seguruenik, besaulkitik altxatuko den bakarra bera izango da, bere semeak egindakoaz harro. Eta asko emozionatzen bada irrintzi bat ere botako dit, aitak besotik tiraka jartzeko esaten dion bitartean. Publiko mota asko dago. Ama, bat eta bakarra.