Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Maiatzak 4
2018ko maiatzaren 4an Genevako Henri Dunant zentroan eman zion etak bere ibilbideari amaiera. Horrela, nazioarteko hainbat eragilerekin batera, Arnagako adierazpenarekin bukatutzat eman zen etaren ia 60 urteko jarduera armatua. Nik 46 urte nituela.
Aulki hutsa, Ibañeta, Errautsak, Amodioaren ziega, Francoren bilobari gutuna, Zazpi senideko. Batzuetan zeharka, besteetan zuzenago, obra hauetan erakunde armatuaren zipriztinak agertzen dira.
Kristiane Etxaluzek Piarres Larzabalen Ibañeta zuzentzeko eskatu zidanean, Kristianek borroka armatua alde batera utzi behar zela helarazi nahi zion herriari, eta batez ere Ezker Abertzaleari. Gainera Larzabali zor zion, obra 1968an Baionako Escene Nationalen eman zutenean Larzabal ez omen zelako gustura geratu. Kristiane Paristik etorri berria zen eta hiriburuko bizitza kulturalaren eragina agerikoa zen. Karlomagnoren tropek, jantzietan, C handi bat zeramaten. Orduan, Carrefour kate handia iparraldean sartzear zen eta Kristiane eta enparauek etsaiak bailiran irudikatu zituzten, kutsu moderno eta abangoardista bat emanez antzerki-lanari. Eta dena zen horrela! Dena moderno! Dena Parisko haize freskoarekin! Eta, bide batez, garaiko aldarrikapen argi batekin.
Urteak joan ziren eta denborarekin Kristiane ohartu zen egin zuten hura ez zela Larzabalek kontatu nahi zuena. Ez zela etsaiaren kontra joatea, baizik eta gure herriaren historiari begiratu eta gogoeta bat egitea. Garai hartan Kristianek ez zuen ulertu Larzabalek adierazi nahi izan zuena. Eta orain, bere ustez, hori bukaerako Pizkor pertsonaiaren heriotzarekin irudikatzen zen argi eta garbi. Pizkorren heriotza, metafora bat zen, gerrak ez dakarrela ezer onik esateko. Pertsonaiaren izena ere ez zen nolanahikoa. Pizkor, bera da argia, bera da bizia. Pizkorrek ematen du bizia bere herriagatik? Zein da ordaina? Merezi du horrenbeste odol isurtzea? Beraz, Kristianek Larzabalekiko zor bat sentitzen zuen, eta berrogei urte ondoren niri eskatu zidan Ibañeta muntatzea. Larzabalek kontatu nahiko lukeen bezala.
Garai batean, antzerkiak gauzak aldatzeko zuen indarraz hitz egiten genuen. Nik, Kristianeri esaten nion hori mito bat baino ez zela, antzerkiak ez zeukala horrenbeste eragin gizartean. Baina Kristiane temati zegoen. Obrak eraginkorra izan behar zuen. Publikoarengan gauzak aldatzeko efektua lortu behar genuen. Orduan nik obraren bukaeran txerri bat hiltzea proposatu nion. Hori baino eranginkorragorik! Txerriaren txilioak, eta gainera, eszenografiak odolarentzako kanalak izango zituen, nire herriko alde zaharreko Okerra kalean zegoen hiltegian egoten ziren bezala. Publikoak ez zuen inoiz ahaztuko performance hura, txarriboda eta guzti! Baina, azkenean, zerbait apalagoa egitea deliberatu genuen.
Gonzalo Etxebarriak eta bere seme Pette Etxebarria barkoxtarrek publikoaren sarreran instalazio bat egin zuten. Bi kutxa garden eta handi, eta horietako bat urez betea. Obran zehar, transfusio bat balitz bezala, beste kutxa handira pasatzen zihoan eta gorri kolorekoa jartzen zen, odola simulatuz. Bi kutxen parean, eta jendeak sarreran ondo ikusteko, pantaila handi bat, Pettek bideoz grabatutako landa eremu lasaiak azaltzen ziren, zerua eta lurra, natura bere ederrenean.
Publikoa bi aldetara esertzen zen, eta Arño Xibururen egurrezko eszenatoki erraldoi bat erdian soiltasun handiz gertatzen ziren ekintza guztiak. Larzabalen testuak, bere hitzek, argi eta garbi azaltzen zuten pertsonaia haien tragedia. Ez zen gehiagorik behar. Aktoreek espazioaren biluztasunean ez zeukaten deus. Hitza bakarrik. Hitza zen ekintza. Aktoreek ordezko esku batzuk zeramatzaten, bakoitzari zegokion pertsonaia hobekiago markatzeko. Bukaeran, esku haiek guztiak lurpean gelditzen ziren, zeruari begira, otoi edo garrasi egingo balute bezala. Eta esku haien guztien artean, Pizkorren hilotza.
Ibañeta egin baino apur bat lehenago, Javier Zubimendi Goiz Eguzki abesbatzako zuzendariak proposatu zidan antzerki lan batean parte hartzea. Hernaniko Kantuz abesbatzak antolaturik (Zubimendi Kantuzeko zuzendaria ere izan zen), Kastillako dorreak Iñigo Aranbarri aktorearekin batera. Tartean Txaro Unzilla dantzaria, Ainhoa Pineda antzerki zuzendaria eta Ainara Ortega kantaria ere bazeuden. Kartzela zen gaia. Biteri Kultur Etxean egin genituen estreinaldia eta funtzioak. Handik bi urtera, eta herrian izandako arrakastaz jabetuta, egitura berri bat sortu zuten, Azeri taldearen eskutik, eta obra berri bat taularatzea adostu genuen. 18/98 epaiketa eta tortura eta bortxaketagatik salaketa jarri zuen emakume baten testigantza hartzen zuen oinarri Txanobarragorro deitu zen antzezlanak. Epaiketa eta makroprozesuetan oinarritutako satira bat zen, “terrorismoa” kontzeptuaren abusuaren kritika egiten zuen. Javier Zubimendik idatzi zuen antzezlana, eta berrogeita hamar lagunen artean landu genuen, tartean Bea Larrañaga aktore tolosarra. Hernaniko herrian izugarrizko arrakasta bildu genuen eta beste zenbait herritan ere eman genuen.
Herritik ateratako proiektuak izan ziren horiek. Herritarren gogoak eta beharrak asetzeko asmoz parte hartu nuen proiektu hauetan. Borroka leku askotatik egin daitekeela pentsatu izan dut beti. Antton Lukuk Garazin Antzerki bildumako bere liburuan Ngugi wa Thiong’o idazle kenyarra eta haren Gogoa deskolonizatu liburua aipatzen ditu, niri ere esanguratsua iruditu zaidan gogoeta honekin: antzerkiaren betebeharra gizakia bere idurikoekin edo ingurugiroarekin duen konfliktoez arduratzea da.