Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Martina
Aurrera egiteko lan berriak hartu behar nituen. Bizi ahal izateko denari bai esaten nion. Telebistako Martina saioa horietako bat izan zen.
Cafe Nervionen jarri genuen hitzordua, Bilbon. Bertara gerturatu ziren Xabier Aurrekoetxea zuzendaria eta Orio ekoiztetxeko Unai Ibarbia.
Gazteei zuzendutako telebista saio berri bat egiteko asmoa zuten eitbk irekiko zuen kate berrirako, eta saio horretako protagonistetako bat ni izatea nahi zuten. Gidoiaren atal bat pasatu zidaten eta nik egitea nahi zuten pertsonaia nire izenarekin jarria zegoen.
— Eta hau? —galdetu nien.
— Beno! Hori zure pertsonaia da. Oraindik ez diogu izenik jarri. Momentuz Ander deitzen da —erantzun zidan Xabierrek.
Argi zegoen nirekin lan egitea nahi zutela. Nire lana ezagutzen zuten eta horrek niretzat balio handia zuen. Gainera, espainiar katean garai batean Lolo Ricoren zuzendaritzapean ematen zuten La bola de cristal programa jarri zidaten adibide gisa. Ez zen hasiera txarra, “ˇViva el mal! ˇViva el capital!”.
Programarako neska bat ere behar zuten eta ezagutzen ez nituen aktore batzuen izenak aipatu zizkidaten. Nik orduan esan nien Miren Gaztańagak egin behar zuela paper hori, primerako aktorea zela eta nik ez nuela edozein aktorerekin lan egin nahi. Bai Xabierrek bai Unaik onartu egin zuten, castinga egin zioten Mireni eta berarekin lan egitea deliberatu zuten. Miren izango zen Martina.
Martinak, Isaak mozoloak eta nik, Rokek, hirukote xelebrea osatzen genuen platoan. Platoaren atzean ere talde profesional polita osatu genuen. Gidoilari lanetan Jon Maia bertsolaria aritu zen. eitbko Bilboko egoitza berrian atondu zuten espazio bat guretzat eta urtebetez hogeita bat kapitulu grabatu genituen. Normalean Donostiako egoitzan egin izan dira horrelako grabaketak, beraz, Bilboko egoitza berrian nobedadea ginen. Informatiboetako aurkezleen aurpegi “serioen” aldean haize freskoa ekarri genuen eraikinera. Makillaje gelatik platora arteko bidean, karrajuetan barna, han ibiltzen ginen gure mozorro eta itxura imajinaezinekin.
Aktore baten lana telebistan antzerkiarekin alderatuta oso ezberdina da. Lan erritmoak ere oso ezberdinak dira. Telebistan zirt edo zarteko aktorea izan behar zara. Antzerkian ez bezala, okertzen bazara moztu eta berriz errepikatzen duzu. Martina saioa egiten eroso sentitu nintzen, baina ez da telebista gustukoen dudan medioa.
Bazen Martina saioan atal bat “Rokeren elkarrizketak” deitzen zena. Rokek pertsonaia ezberdinei egiten zizkien elkarrizketak, baina pertsonaia horiek ere Roke ziren, hau da, nik antzezten nituen biak, elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua. Denetariko pertsonaiak egin nituen: lehendakari beltza, Teo, barraskilo bat, Martina bera, Anbotoko Mari, tximino bat… Behin aztiarena egitea tokatu zitzaidan. David Bowieren itxurako makillaje batekin nire interpretazioan izugarrizko indarra eta esfortzua jarri nuen. Grabaketa ikusi nuenean konturatu nintzen alferrikakoa izan zela egindako lana. Ez zuela ezer berezirik ekartzen, eta helarazi nahi nuen emozio hura ez nuela helaraztea lortzen. Amorratuta nengoen. Pantailatik ezin zen energia transmititu. Nola? Buruari bueltaka hasi nintzen eta bat-batean Rokeren elkarrizketarako beste pertsonaia bat egitea proposatu zidaten: txerriarena egin behar nuen. Fardel bat jarri eta, ia biluzik, gorputz osoa olioztatu zidaten. Txerriaren muturra irudikatzen zuen plastikozko sudurra ere jarri zidaten eta txerriaren inguru-minguruan sagarrak. Hasi zen grabaketa, eta sagarrak jaten nituen bitartean, botaka hasi nintzen. Izugarrizko bordela eta txerrikeria. Kamerari guztiak aho zabalik zeuden. Nola? Ez zela nire energia iristen pantailaren bestaldera? Lankideek inpaktatuta bukatu zuten. Emititu zuten txerriaren elkarrizketa, baina ez txerrikeria guztiak. Energia atzematen zen, hala ere. Burugogorra izateaz aparte, txerri bat nintzen.
Burp! saioarekin batera etb3rako espresuki ekoitzi ziren lehen saioak izan ziren haiek, gazte jendeari zuzenduta. Urtebete iraun zuen eta azkenean parrillatik kendu zuten. Niretzat nahikoa zen. Telebistak asko erretzen du, irudi aldetik etengabe ateratzen ibiltzeak. Nire pertsona jendearen aurrean etengabe azaltzen egotea ez zait gustatzen, eta telebistak horretatik asko dauka. Beraz, dosia jada betea nuen. Antzerkiarekin jarraitzen nuen, eta “ea ba noiz ikusten zaitugun telebistan!” jendearen betiko komentario inozoari irribarre batekin erantzun.