Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Hitzaurrea
Erregea eta bufoia
eta deabrua eta jainkoa
Jon Gerediaga
Bilbon, 2023an
Erregearen aurrean bufoiak baino ez ditu egia mingarrienak esango. Bufoiak baino ez dauzka horretarako ausardia eta trebezia eta baimena. Deabruak beldurrik ematen ez duenean, orduan bufoi bihurtzen da, eta oholtza gainetik publikoaren bihotza “ukitu eta hunkitzeko” betebehar “sakratua” izango du. Baina bufoiak txantxa eta amarruen bidez urratzen duen bihotza benetako publikoaren benetako bihotza da. Bihotz horretan bufoi burlatiak edo deabru onberak eragin ahal duen urratua ere benetan sakona izan daiteke. Eta deabru-bufoiaren bihotza ere benetakoa da. Eta handi-handia.
Bai, bufoiak antzerkiaren joko sakratuaren artea, ofizioa, eta artifizioak ederki ezagutzen ditu, ondo ikasi ditu amarru eta abilezia guztiak. Ondo entrenatu ditu, serio egin du lan, maisua da bere ofizioan. Eta oso ondo daki bere ofizioa sakratua dela. Halaxe azaltzen digu Ander Lipusek: “Antzerkiak bere baitan beti izan behar du erritualaren parte, eta funtsezkoa izan behar du komunitatearen aurrean. Sakratua. Profanatua izateko eskubidearekin, noski!”. Sakratua den guztia tabuz babestuta dagoen arren, bufoiak debeku eta isilune horiek guztiak urratzeko ahalmena dauka. Alde batetik, ahalmen hau jaiotzatik jasotakoa da, berezko talentu bat da, kultura askotako xamanek txikitatik, bizipen, amets eta begitazio berezien bidez jaso ohi duten deia. Baina, bestalde, xamanak bere ofizioa menperatu nahi badu, luze trebatuko da errege, bufoi, deabru, jainko, izadi eta gizakien eskolan. Bidea luzea da, eta lan handia egin beharko du bere ofizioan maisu edo maistra izatera iristeko.
Dudarik gabe, emankorra eta luze-luzea da Ander Lipusek ibili duen bidea: herri antzerkia, William Layton, maskaradak, Paca Ojea, kathakalia, Mas Soegeng eta Baliko antzerki maskara, antzerki antropologia, saxofoia, bertsolaritza, Arratiako dantzak, Tadeusz Kantor, Meyerhold, Odin Teatret, La Zaranda, Antton Luku, eta abar luze bat. Bai, asko eta asko dira xamanaren maisu eta maistrak, eta ikasle onak gizalegez aitortzen du haiekin guztiekin duen zorra. Eta, hala ere, ikasle onenek bezalaxe, bere bidea egiten du, berezia, bakana. Nire ustez, jendartean mugitzen denean ere, edo lagunartean, hirugarren begi bat adi mantentzeko ahalmena izan du beti Lipusek, maisu eta maistrak edonon eta une oro aurkitzeko dohaina. Bai, aktore on batek badaki edozeinen keinuetatik elikatzen, badaki edozeinen hitz egiteko edo mugitzeko manerak aztertzen, lagunen aldarteak irakurri eta mimetizatzeko ahalmena dauka. Are gehiago, esango nuke intuizioz edozeinen “esentzia bereganatzeko” gai dela, bizidunen forma gehienak hartzeko trebezia duela: xamanak bezalaxe.
Baina argi gera dadila: bere ofizioaren aldeko engaiamendu erabateko honek ez du Iñigo Ibarra Lizundiaren begirada itsutu. Hango eta hemengo maisu eta maistra guztien gainetik, Iñigok oso ondo daki maistrarik handiena bizitza bera dela. Natura. Ama. “Bizitzaren labirintoan antzerkia bilakatu zen nire haria”. Bai, bizitzan ikasi du (non bestela) xamanak bere artearen azken amarrua. “Bizitza da handiena”.
Eta esan beharra dago: aktore eta sortzaile honen hainbat emanalditan hunkitu izan diren bihotz horiek guztiak ondo egindako lan baten ondorioz hunkitu dira, ez kasualitatez. Dena ez da gezur, dena ez da amarru. Lana benetakoa da. Deabrua mozorroen jauna da, bai, sedukzioaren maisua, baina badaki tinko lan egiten ere, ume baten seriotasunez amets egiten, zintzo eta zuzen jokatzen. Seme ona eta seme gaiztoa, Atarrabi eta Mikelats, Fausto eta Mefistofeles, deabrua eta jainkoa gauza bera eta bakarra izan daitezkeela azaldu zidan Lipusek behin. Eta, besteak beste, bi indar kontrajarri horiek (leun eta gogor) orekatzeko beharraz ere hitz egiten digu orain liburu mamitsu honetan. Izan ere, bere ofizioaren hiztegi oso bat atontzeaz gain, askoren bizitzaren labirintoan itzulbidea ez galtzeko hari bat eskaini digu hemen.
Eta bakoitzari berea: euskal antzerkiaren uztak eman duen maisu handi bat da Ander Lipus. Eta antzerkiaren ofizioan engaiatu nahi duenak, ezinbestekoa du zenbait maisu eta maistraren pausoak ezagutzea, tartean Lipusenak. Bakoitzak bere bidea aurkitzeko, ikasi beharko du probetxuzkoa zer den, eta zer baztertzekoa. Ikasle horientzat guztientzat, liburu hau irakurri ahal izatea zorte handia da. “Aktorearen bost zutabeak”, “aktorearen kontzientzia hirukoitza”, “aktorearen bi lurrak”… Aurretik esaten ez genituen gauzak identifikatu eta izendatzen dira bertan: Arnasa, Indar, Adi, Jausi/Jauzi, Oreka, Behaketa, Sena, Nia/Ni bestea/Bestea… Denboraren laguntzaz, aktore batzuentzat hitz hauek guztiak antzerkiaren bidean harri-pauso sendo bihurtuko direlakoan nago.
Eta, hala ez balitz ere, inoiz erregearen tirania muturrera iristen bada eta bufoiari ere debekatzen baldin bazaio burla egitea, orduan, bufoiak ere jazarriak diren erreinu anker horretan, nire bihotza eta esker ona lagunaren aldekoak izango dira. Liburu honen egileak eman zidan hainbat urtez komedianteen karabanan bidaiatzeko aukera. Aktore hark poeta bat onartu zuen bere aldamenean, non eta poeta bat nekez onartzen den mundu eta garai batean. Unibertsitateko paraninfoan ukitu zidan bihotza lehenengoz, Un minuto bakarrizketarekin. Goiz hartan, 18 edo 19 urte eskasekin dagoeneko artista zela erabat argi zeukan aktore bat ezagutu nuen. Ni, aldiz, poeta-saguzar itsu bat nintzen oraindik, fakultateko horma ilunen kontra kolpeka. Gero, Mina Espazioko agertokia eskuz eraiki zuenean, argi ikusi genuen denok mutil hura artista izateko serio eta tinko lan egiteko prest zegoela.
Antzerkia eman ahal izateko ezinbestekoak diren hiru elementuak, neurri handi batean, berak birsortu dituela iruditzen zait orain: espazio sakratu bat, agertoki bat (egurrezkoa, apala, haren eskuz egina); aktore puska bat, ondo entrenatua; eta publiko belaunaldi berri bat ere, Euskal Herriko antzoki gehienak betetzen dituena, “zapata pila” bat. Lipus ez da, noski, bizitzaren labirintoan bakarrik ibili, berak ondo daki. Antzerkiaren hariari segika, hainbat bidelagun, maisu eta maistren lezioak aitortzen ditu liburuan, gizalegez. Orain, gizalegezkoa izango litzateke hainbat antzerkizalek, aktorek, musikarik, teknikarik edo poetak Ander Lipusekin daukagun zorra aitortzea ere. Baina ez naiz orain hasiko besteen izenean hitz egiten.
Nik behintzat arrapaladan irakurri dut zure orain arteko bizitza biltzen duen liburu hau, bihotza hunkituta oraingoan ere. “Zein eta nola izango ote da azken emanaldia? Zer axola du horrek, aurrera jarraituko du antzerkiak”, esan didazu belarrira. Hitz jakintsuak dira, Iñigo, eskuzabalak. Niri opari handia egin zenidan, egin didazu, eta oso eskertuta nago. Besarkada handi bat, bidelagun, eta mila esker eta bat gehiago.