Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Mina Espazio [16]
Hasiera batean Jesus Pueyo, Leioako Lamiako auzokoa, eta biok hasi ginen espazio bat irekitzearen asmoarekin. Pueyo Utopiako lehen bilera baino pixka bat lehenago ezagutu nuen, eta elkarren arteko konplizitate handia lortu genuen. Berak, Mandragora Teatro zuzentzen zuen Lamiako elizaldeko antzoki zahartxo batean eta film labur interesgarriak eginak zituen. Egia esan, Pueyo ezagutzea aurkikuntza bat izan zen, berak ireki baitzizkidan ateak beste teatro baten egiteko formetara. Bere bidez ezagutu nituen Samuel Beckett, Tadeusz Kantor, Antonin Artaud, Jerzy Grotowski eta enparauak.
Pueyok eta biok argi ikusten genuen gure ideiak, gure ametsak, gure esperimentazioak, gure sorkuntzak aurrera eramateko topagune bat behar genuela. Elkartzeko eta lanean jartzeko leku bat. Gero jendeari zabaldu genion ideia eta bideari ekin genion. Mandragora Teatro, Utopia eta Bestalde kolektiboa elkartu ginen Mina Espazio irekitzeko. Bestalde kolektibo literarioa Gontzal Dominguez Sarah Saghi, Pedro Blanco eta Peru C. Sabanek osatzen zuten idazle taldea zen. Kontrakultura lantzen zuten literatur sorkuntzatik. k.o. Akción pare bat zenbaki eta dozena bat zuzeneko emankizun eskaini zituzten, eta urtebetez Egin-eko Gaztegin gehigarrian Desinformación izeneko saila argitaratu zuten. Bertan esaldi hau erabiltzen zuten haien jarduna deskribatzeko: “Todo lo que es oscuro y se opone al extraordinario bienestar con que esta sociedad beneficia a aquellos que le otorgan su confianza”.
Espazio underground bat aurkitu genuen Bilboko Labayru kaleko 17. zenbakian. Karraju luze-luze bat zeharkatu behar zen, arrapala bat jaitsi eta han zegoen espazioaren lehenengo gunea. Eta ondoan beste bi, azkenekoa handiena. Patio erraldoi batean, eraikinen artean zegoen fabrika abandonatu bat zen, bunker bat ematen zuen. Gizon zahar diruzale bati alokatu genion eta hor hasi zen sorkuntzaren abentura.
Jende ugari zebilen gure artean. Beti bezala, batzuk beste batzuk baino gehiago engaiatzen ziren. [17] Arte esparru ezberdinetako jendea ginen, idazleak, musikariak, performerrak, bideo-egileak, argazkilariak, artista plastikoak… helburu bakar batekin: sentitzen genuena esan, sentitzen genuena egin. Artearen eskutik beti.
Peru C. Sabanek, bere osabak, gure aitak eta laurok eraiki genuen egurrezko agertokia. Agertoki bat norberak eraikitzearen harrotasunaz aparte, egun guztia pasatzen genuen bertan. Batzuetan taldetxoa biltzen ginen, beste batzuetan bakarrik egotea ere tokatu zitzaidan. Beno, bakarrik ez! Gogoratzen dut atseden une batean, ogitarteko bat jaten jesarrita nengoela, nola ia parez pare arratoi puska bat lasai-lasai bere espedizio partikularra egiten ikustea tokatu zitzaidala. Horiek ere gure artean bizi dira! Bai, noski! Batzuengandik beste batzuengandik baino hurbilago, eta horrek ere zer pentsatua eman zidan! Espazio guztiak garbitu, adreiluzko hormak eraiki, lurra zementu industrialez jarri, tabernako barra egin, paretak margotu… espazioa txukun-txukun jarri genuen arte inoiz egin gabeko gauzak egin behar izan genituen uda hartan. Joseba Langara galdakoztarraren erakusketa batekin ireki genuen udazkenean Mina Espazio.
1997ko urriaren 3a zen. Guggenheim museoa inauguratu zuten egun berean zabaldu genituen Mina Espazioko ateak. Langararen esposizioaz aparte, djak, kontzertuak eta performance bat antolatu genituen. Performancearen bukaeran pikotx batekin telebista bat hausten nuen. Krak! Subertsiboak ginen, eta gauza askoren kontra geunden. Artearen negozioak jarraitzen dituen bideetan sartzerik ez duten arte lanen harrobia izateko sortu zen espazioa. Politika kulturalen kontra, batez ere! Garai bertsuan Errekalde auzoan okupatu zuten Kukutza gaztetxea ere, handik urte batzuetara Bilboko alkate izan zen Azkunak itxiko zuena.
Mina Espaziok ez zuen ia inoiz dirulaguntzarik izan, eta instituzioek ez zuten guganako inolako interesik adierazi. Ez Bilboko Udaletik, ezta Bizkaiko Aldunditik ere. Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntza txiki bat eman ziguten azken urtean. Tabernan ateratzen genuen diruarekin sostengatzen zen hilero ordaindu behar genuen alokairua. Nola ez ginen ba malaostian biziko!!!
Garai haietan lanbide arteko gutxieneko soldatarekin bizi ginen asko. Egiten genuenak ez zigun ematen bizitzeko. Ekonomia batek egonkortasuna ekartzen du. Ostera, gu garai hartan oso ezegonkorrak, aldakorrak ginen, oso delikatua zen gure egoera. Baina, hala ere, argi geneukan gure eginahal guztiak artera bideratu nahi genituela, gure salbazioa arte ekintza zela.
Ateak ireki eta urtebetera Pueyok beka bat lortu zuen eta Londresera joan zen Philippe Gaulier-en eskolan ikastera. Ni pixka bat umezurtz geratu nintzen bere joanerarekin. Urtebete baino gehiago egingo zuen kanpoan eta bakoitzak bere bideari heldu genion.
Mina Espazioko giroa non-stop bat zen, etengabeko jardunean ari ginen. Alde batetik, hilero osatzen genuen programazio egonkor bat: antzerkia, erakusketak, instalazioak, performanceak, bertsolariak, dantza, kontzertuak, ipuin kontalariak, irakurketa dramatizatuak, poesia errezitalak… denetarik zegoen espazio libre hartan. Takillan ateratzen zen diru guztia artistarentzako izaten zen eta guk tabernako irabaziekin egiten genion aurre alokairuari. Bestalde, barrura begira ikastaroak, laborategiak eta sorkuntzak egiten genituen. Barne antolaketa asanbladen bitartez eramaten zuen talde eragileak, lan esparru ezberdinen ardurak hartuz: programazioa, ikastaroak, taberna, teknika, garbiketa, komunikazioa, administrazioa, beste espazioekin harremanak… bertako kultur jarduera itzela zen. Publiko aldetik ere gorantz zihoan, Bilbon ezaguna egiten hasi zen Labayru kaleko espazio alternatibo hura eta ahoz aho zabaltzen zihoan hango esperientzien oihartzuna.
Mineral. Crítica y utopías aldizkaria ere atera genuen. Hiruhilabetekariak paperean islatzen zuen Mina Espaziok betetzen zuen lekua, hau da, hausnarketaren eta estetikaren gozamenari uko egiten ez genion lagunen akuilua eta elkargunea zen.
Eta, bat-batean, Bilboko Udaletik etxera iritsi zitzaidan eskutitza. Gure aktibitatea ilegala zela eta espazioa zigilatu egingo zutela. Fabrika inguratzen zuen etxebizitzetako auzoko batzuen kexak eta denuntziak genituen. Berrogeita zortzi ordu ematen zizkiguten lekua husteko. Inongo babesik gabe, gure indarrak urrituak zeuden ordurako, ezin izan genion aurre egin, eta berriz ere sentimendu madarikatu hura gailendu zen gure arimetan. Nirean bai, behintzat. Eta galderak. Gu beste maila bateko herritarrak ote gara? Zer suposatzen du artista izateak gure herrian? Nork erabakitzen du egin nahi dudana? Zeintzuk dira administrazioaren kultur ereduak? Zergatik tratatzen gaituzte horrela? Erantzunik ez. Amorrua. Nekea. Ezereza. Hutsa.