Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Dantzaren amaraunean
Zerutxu dantza taldea
Dantzarekin harremana txikitatik daukat. Euskal dantzak ikasi nituen Zerutxu dantza taldean, Felipe Amutxastegi maisuarekin. Berak sinesten zuen munduko dantza talderik onena izan behar ginela. Eta hor aritzen ginen, ezkerreko hanka gora, eskuineko hanka gora, munduko talderik onena izatearekin amesten.
Zortzikoa, launakoa eta banakoa; sokadantza; Arretxinagako Mikel Deunaren egunean dantzatzen den Xemeingo ezpata dantza eta mahai gainekoa; aratuste garaian hartzaren inguruan dantzatzen genuen zahagi dantza… dantzaren munduak nire gorputzean eta imajinarioan inpaktu emozional handia eragin zidan. Nahiz eta dantza horiek zertarako eta zergatik ziren ez ulertu, bazegoen betiere barne bizipoz bat, erabat harrapatuta uzten ninduena.
Entseguak, haien aurreko jolasak, lagun arteko konplizitateak… denak zeukan zentzua. Eta onena herriz herri ibiltzea tokatzen zenean izaten zen! Batean Ondarroan, bestean Algortan... Herritik irten eta beste mundu bat irekitzen zitzaidan. Tokatzen zen herrian goizean dantzatu eta gero bikoteka jartzen ginen, eta herrietako familiek hartzen gintuzten. Eurekin bazkaldu, eurak ezagutu eta jolasean ibili. Berriro bueltatu eta autobus betean etxera etortzen ginen arte. Herritik kanpo dantza egitea gauza ederra zen, abentura polita.
Dantza nik beti horrela bizi izan dut, abentura bat bezala. Eta abentura ulertzeko bi modu daude: abentura bizitzea edo abenturaren ikusle bilakatzea. Horregatik, agian, beti egin zait zaila dantza ikustea, eta aukeran nahiago dut egitea. Abenturaren parte izatea. Eta zergatik ez, kolektibo baten parte sentitzea.
Arnold Taraborrelli
“Aktore bat mugitzen denean, espazioa apurtzen du eta bibrazioak sortzen ditu, itsasoa zeharkatzen duen eta olatuak sortzen dituen itsasontzi batek bezala”. Madrilera joan nintzenean antzerki ikasketak egitera, William Layton Laborategian hiru urtez izan nuen irakasle Arnold Taraborrelli dantzari, koreografo eta dantza maisu estatubatuarraren hitzak dira.
“One, two, three, four! Plie and demi plie… ¡vamos!! ¡estamos!! ¡dos palmas!!” Zapitxoa saman, panderoa eskutik helduta erritmoa markatuz eta bere azentu amerikanoarekin gogor egiten zigun Arnoldek. Gorputzaren kontzientzia, espazioaren erabilera, mugimendua, aktorearen kokagunea landuz eta izerdia botaz, ziztu bizian pasatzen zen bere ordubeteko klasea. Onartu beharra daukat hasieran beti kostatzen zitzaidala, baina klase osteko liberazio sentipenak ez zeukan preziorik. Ederrak ziren Arnolden klaseak!
Madrilgo Salamanca auzoan, General Oráa kalean zeukan estudioa. Sarreran, mahaitxoa eta aurreko horman, Johan Cruyff futbolariaren argazkia. Salto bat eginez gol bat ospatzen zegoen. Bere jestuak dena adierazten zuela zioen.
Norbait baldin bada artea eta bizipoza ongi uztartzen dakiena, hori Arnold Taraborrelli maisua da. Gogoan dut, behin klasea bukatuta, sarritan esaten zigula: “Nire klasera ez etortzeko aitzakia bakarra, larrua jotzen egon zarela izan dadila”. Oh my God!
Muelle 3
Muelle 3 espazioaren memoria gomutatzeko Olatz de Andres, Igor de Quadra eta Matxalen de Pedrok gidatuta hainbat artistak idatzi zuten Muelle 30 urte liburua; izan ere, espazio horretan dantza, prestakuntza, ikerketa eta arte eszenikoen sorkuntza landu ziren hogeita hamabi urtez. 1984 eta 2018 urteen artean, Muelle 3 aldatuz eta eraldatuz joan zen.
Bilbon lanean ari ginen sortzaileak espazio hura baliatu izan genuen. Ramon Bareak zuzendutako Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona obraren errepikak, adibidez, bertan egin genituen. Baina batez ere, Cristina Quijera dantzari, koreografo eta irakaslearekin hartutako dantza garaikideko klaseak gogoratzen ditut. Garai batean, bera izan zen espazioaren bultzatzaile. Artearekiko eta dantzarekiko sentsibilitate handiko pertsona izateaz gain, bilatze etengabean dabilen pertsona izan da beti.
Berrizen fandango
Pena izan nuen txikitan soltean dantzatzen gutxi irakatsi zigutela, eta Berrizera bizitzera joan nintzenean bertako Iremiñe dantza taldean eman nuen izena. Aspaldiko arantza kendu nahi nuen. Arin-arina eta fandangoa dantzatzen ikasi eta sakontzeko garaia zen eta Jose Alberto Narbaiza izan nuen irakasle. Urtebetez aritu nintzen ikasten. Baina praktikan jartzearena ez dut sarritan egin. Jada ez naiz ez diskoteketara ez herriko plazara dantzara ateratzen.
Butoh
Ekialdeko antzerki-dantza tradizioekin beti izan dut harremana. Baliko maskara eta topeng dantza eta Indiako kathakalian sartu nuen muturra batez ere. Garai batean butoh dantzak ere asko erakarri ninduen.
Bilbon nengoela, urte batean, Madrilera joaten hasi nintzen Wendell Wells estatubatuar dantzari eta koreografoaren butoh klaseak hartzera. Urduñan antolatzen genuen Nazioarteko Stagera ere gonbidatu genuen.
Butoh dantza xx. mende erdialdean Kazuo Ono eta Tatsumi Hijikatak sortutako dantza teknika bat da. 1950. urtean Japoniako gerraondo garaian sortutako adierazpen artistiko honek desastre nuklearraren ondoren izakiak pairatuko duen min eta ezinegon existentzialei erreparatzen dio. Dantza honen mugimendu alderrai eta groteskoek atentzioa eman zidaten. Kabuki eta noh antzerki tradizionaletik edaten du, baita buyo dantzatik ere. Abangoardiako elementuak baliatuz, Alemaniako espresionismoa nahasiz, batez ere Mary Wigmanen dantzatik ere asko edan zuten. Heriotzaren dantza makabro honek liluratuta utzi ninduen, hargatik joan nintzen teknika honen dna ikertzera. Nire gorputzean barneratzera. Butoh-aren hazia ulertu nuenean… sustraietara jo nuen, eta nire baitan dantza ulertzeko bide berri bat loratu zen.
Asier Zabaleta
Asier Zabaleta eta biok dantzan ezagutu genuen elkar, Donostiako antro batean. Dantzatoki bat bazegoen, baina egia esan hizketan eman genuen denbora gehiago. Mundua konpontzen duzun hizketaldi horietako bat izan zen, ordu txikitan, gaztetasuna eta maitasuna borborka genuen istant eternal horietako egunsenti batean. Ordutik elkarri pista jarraitu genion, eta egun batez bere konpainiarekin lan egiteko eskatu zidan.
Ertza 2004. urtean sortu zuen Asier Zabaleta ezkiotar dantzari eta koreografoak, artearen diziplina anitzak dantza garaikidearekin nahasiz, sorkuntza ezberdinak sustatzeko helburuarekin.
Act of God lanean, berarekin lan egiteko deitu zidan. Jose Saramagoren Cain entsegua oinarri hartuta sinesmenari, erlijioari eta kontraesanei buruzko obra bat zen. Obran zehar galdera esentzialak egiten ziren, eta erantzuna dantzatutako ulua bilakatzen zen. [77]
Harrezkero, laguntasuna mantendu dugu: Pello Artolarekin eta Asierrekin Habanan une goxoak pasatu genituen, Aulestiko topaketetan eta Kultur Maratilan parte hartu zuen, oso gustuko ditudan bere lanak jarraitu ditut gozatzen… eta oraindik ere, mundua konpontzen jarraitzen dugu, batzuetan hitzekin eta beste batzuetan gorputzarekin.
Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz
Marian Arregik 2018ko neguan utzi gintuen. Besteak beste, dantzarako musika egiten zuen. Musika ederra. Martin Zalakainen entseguetan makal ikusten zitzaion. Hala ere, indarrak hartzen zituen noizean behin keinu bat egiteko edota, egun batean, akordeoia soinean xuxurlatu zidan bezala, “jotzeak piztu egiten nau” esateko.
Bere liburu batzuk irakurriak nituen, bere dantza ikuskizun batzuk ikusiak. Juan Antonio Urbeltz ezagutu nuenean Marianekin partekatzen zuen Donostiako Alde Zaharreko etxera joan nintzen. Harrituta utzi ninduen bere hitz jarioak, folklorearen inguruko bere jakituriak. Herri batetik bestera, tradizio batetik bestera, dantza oinarritzat hartuz eta kultura ezberdinak uztartuz, historian zehar bidaiatzeko zuen jakitatea izugarria zen. Europan zehar egindako bidaiez hitz egiten zidan youtubeko bideoak erakusten zizkidan bitartean.
Berarengana jo nuen Yuri Sam ikuskizunerako dantza batzuk jorratu nahi nituelako eta gure dantzarik “primitiboena”, oinarrizkoena, minimalena, zein izan zitekeen gomendioa eskatu nahi niolako. Juananekin hitz egin ondoren, astean behin Elgoibarren Haritz dantzari taldeak daukan lokalera joaten hasi nintzen. Oier Araolaza, Jon Lizarralde Indio eta Mikel Legorburu izan nituen irakasle, eta Juananen gomendioei kasu eginez Arratiako jota eta ari-arina eta mutil dantzaren pausoak irakatsi zizkidaten. Ikasitako dantza horien pausoak estilizatu, eta ikuskizuneko memento zehatz batzuetan sartu nituen. Beste tradizio batzuetako pausoak, jarrerak eta formak nahasiz, Indiako kathakalia edo Baliko dantzak batez ere.
Handik urte batzuetara, eta nire harridurarako, Juan Antonio proposamen batekin etorri zitzaidan. Euskal Herriko literaturako klasiko handienetako batean oinarritu zen Argiaren ikuskizun berria, Pio Barojaren Zalacaín el aventurero lanean hain zuzen. Dantzaren eta antzerkiaren uztarria izango zen literatura, eta Juananek ni antzerkiaren parteaz arduratzea nahi zuen. Bere aurreko sorkuntzetan egindako moduan, dantzaren esparruan mugarri berriak ezartzeko helburua eta anbizioa zituen sormen-lanak. Batetik, zenbait euskal dantzaren eremuan sorkuntzarako bidean egindako ikerketaren emaitza artistikoa taularatu nahi zituen, koreografia berritzaileekin eta iradokitzaileekin. Bestetik, dantzaren eta dantzarien alor dramatikoan barneratu, euskal dantza dramatiko garaikidea sortzeko helburuarekin.
Urbeltzek jada argi zeukan zein dantza eta koreografia sartuko zituen. Ikuskizunaren dramaturgia ere idatzia zeukan. Nire eginbeharra antzerkiaren eta istorioaren narratiba eraikitzea izan zen. Pio Barojaren istorio literarioa antzerkira ekartzeko Harkaitz Canori luzatu genion proposamena. On Pioren hitzak berak idatziko zituen. Behin istorioa argi zegoela ikusita, dantza guztiak harilkatzea eta Urbeltzen sinbolika guztia taularatze dramatiko batera eramatea izan zen nire lana. Dantzariek rol ezberdinak jokatzen zituzten —Martin Zalakain, Tellagorri, Karlos Ohando, Kattalin, Santakruz apaiza…— eta batzuetan dantza egiteaz gain eszena txikiak jokatzea tokatu zitzaien. Sorkuntza prozesua ikaragarri ederra izan zen, eta hainbat dantzarirekin oholtza gainean lan egitea pribilegio hutsa, nik jokatzen bainuen On Pioren rola, eta istorioaren kontakizunaz arduratzen bainintzen.
Argia (Donostia), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze), Elai Alai (Portugalete), Arkaitz (Añorga), Astigar (Astigarraga) eta Gure Kai (Deba) izan ziren parte hartu zuten dantza taldeak. [78] Kontuan izanda amateurgintzatik ari zirela, ikaragarria zen euren antolaketa eta lan egiteko modua.
Dantzaren munduan jantziek ere berebiziko garrantzia dute, eta Amaia Bueno izan zen haien arduraduna. Oihalek, txapelek, burukoek, brodatuek, koloreek, tonuek… denek zuten berebiziko garrantzia, eta Juananek guztia gainbegiratzen zuen. Bere etxeko ordenagailuan eta apunteetan gordetzen zituen oihalen ezaugarriak. Dena zegoen oso ondo aztertua eta landua.
Marian Arregiren eta Mikel Urbeltzen zuzeneko musika izaten zuten beti entseguetan. Dantzariek euren erritmora dantzatzen zuten. Melodiek, tradiziotik berreskuratuak eta moldatuak, giro oso bereziak sortzen zituzten.
Martin Zalakain 2017ko azaroaren 11n estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian, eta Euskal Herriko hainbat plazatan emana izan zen. Urbeltzen begirada zorrotza zen eta emanaldiz emanaldi bere moldaketa txikiak egiten joan zen. Perfekzioa harrapatu nahian! Ikuskizuna beti zegoen bizirik, eta dantzari jartzen zion pasioa eta maitasuna ikasketa bat izan zen niretzat.
Euskaldunok asko zor diegu Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregiri. Euskal dantzari eskaini zioten bizitza, eta euren bizitza arte bilakatu zen. Nire errespetu eta miresmen osoa eurentzat.