Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Denak ala inor ez
Besteen historia zeure historia bihurtzen bada,
mundua ulertzen hasi zara.
Enrico Malatesta
Ez dut bizitza hau imajinatzen borrokarik gabe. Borrokatzeko mila esparru daude eta etxean geldirik egotea, alegia, bizitza nola pasatzen den ikusten egotea nardagarria iruditzen zait. Gizarte masa pasiboak sutan jarri izan nau beti. Eta gizarte masa pasibo horren parte ez izatea jada nahiko borroka izan da nire bizitza pertsonalean eta profesionalean.
Gaztetatik, herriko betiko “txikitako kuadrilla” izatetik “kuadrilla politikoa” izatera pasatu nintzen. Kuadrilla politikoan militantzia eta elkarte ezberdinetan parte hartzea deliberatu genuen. Talde ekologista eta talde antimilitaristan militatzeaz aparte, gure ekintza propioak bideratu genituen. Horietako bat Aitor Zuberogoitiak eta biok egin genuen Egonezina fanzinearekin. Eup! irrati librean ere irratsaio bereziak lantzen genituen. Alta, herriko hamaika saltsa-maltsatan parte hartzen genuen, Hau dena aldatu nahi nuke Hertzainak taldearen bigarren diskoaren tituluari men eginez.
Madrilen ere kolektibo anarkista batean laguntzen nuen. Madrildik ordubetera zegoen herri txiki batera joaten nintzen bertako liburutegiko astekariak, propaganda kartelak eta liburuak antolatzera. Proudhon, Cappelletti eta Kropotkinen irakurketak egiteaz aparte, Agustin Garcia Calvo eta Isabel Escuderoren jarraitzaile sutsua egin nintzen. Bereziki gogoratzen dut Isabel Escuderoren Coser y cantar liburuxka eta Agustin Garcia Calvoren Contra la pareja edo Heraklito eta Shakespeareren Sonetoak modu bikainean itzuliak. Guztiak bikotearen Lucina argitaletxean plazaratuak.
Madrilen, euskalduna izanda, kontrainformazioa beharrezkoa zen, bertako pentsaerak nolabait ere norbere ikuspuntua moldekatzen ahal zuelako. Korrontearen kontra egiten duzu igerika. Kontrakultura batean lerratzea beharrezkoa da erresistentziarako. Iturri ofizialek bultzatzen zuten informazio espainolistari tentuz begiratu behar zitzaion. Gogoan ditut Minuesa etxe okupatuan Reincidentesen kontzertua eta Canciller aretoan Negu Gorriaken kontzertuan faxistekin izandako istiluak.
Sare eta espazio anarkista eta libertarioak gogoko nituen. Alternatibo kutsua zeukan guztiak tiratzen ninduen. Bilbora iritsi nintzenean ere Eliseo Reclus elkarte libertarioan eman nituen nire lehen antzerki tailerrak. Utopia proiektuaren aurkezpena ere Likinianoko Topagune libertarioan egin nuen, Ekintza Zuzena aldizkarian idatzi nituen nire lehen antzerki artikuluak.
Pentsamendu kritikoa ezinbestekoa da bizi dugun mundu honetan eta irakurketa anitzek leiho berriak ireki zizkidaten. Filosofia eta estetikaren inguruan, artearen inguruan. Epikuro, Heraklito, Spinoza, Nietzsche eta, zelan ez! situazionistak. Greil Marcusen Rastros de carmín: una historia secreta del siglo XX, Guy Deborden La sociedad del espectáculo eta Hakim Beyren Zona Temporalmente Autónoma liburuetan terrorismo poetikoaz eta inmediatismoaz irakurtzean imajinazioa lehertzen zitzaidan. Bilbo sutan jartzeko gogoa pizten zitzaidan!
Ezin aipatu gabe utzi gure kulturaren oinarrian gaztetxeek eta kultur elkarte zein kolektibo ezberdinek sortzen duten bizitza. Sasi sare horiek gabe nire oinarria eta ofizioa ez lirateke ezer izango. Horiek ematen dute, inongo burokrazia beharrik gabe, daukazun hori, zaren hori, inongo mugarik gabe adierazteko aukera, modu benetan librean. Administrazioak kudeatzen dituen espazioak ez bezala, espazio autonomoak espazio libreak dira. Horregatik, bada, ezinbestean itzuli behar da oinarrizko kultur sasi sare horietara. Sarri sortzen den hurbiltasunagatik, benetakotasunagatik eta egiteko moduan dagoen maitasunagatik. Postureoan erori gabe, noski!, espazio eta leku batzuetan, horizontaltasunaren, asanblearismoaren eta erresistentziaren izenean gauzak oker egiten direla iruditzen baitzait. Denok guaiak gara eta artistak musu-truk egin dezala bere lana. Artistaren lana ikusten dugun bitartean garagardo batzuk edango ditugu. Garagardoak ordainduko ditugu, hori bai!, ikuskizuna hobeto sartzeko...
Kontzientzia kritikoa landuz gero borrokarako eremu asko aurkitzen ahal dituzu. Denborarekin, militantzia horren parte sentitu dut Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldearekin edota Aulestiko Urregarai eskolako haurrei antzerkia transmitituz egiten dudan lana. Antzerkiaren funtzio soziala ezin dugu ahaztu, hori da oinarria, funtsa. Eta baita gizakiarena ere, greziar filosofoak esango lukeen moduan, animalia politikoak baikara.