Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Kultur Maratila
Kultur Leioan geundelarik, bertako programatzailea zen Ana Lopezek gure beharrak irakurtzen jakin izan zuen, eta horri esker elkarrekin egin genuen bidea.
Kultur Leioak instalazio egokiak zituen gure eginbeharretarako, materialak eta furgonetak uzteko almazen bat eta gure ekoizpen etxea egoitza iraunkor bezala mantentzeko ofizina bat. Programazio egonkor eta interesgarri batek osatzen zuen herriko kultur eskaintza eta maiatz bukaeran egiten zen Umore Azokak —kale antzerki feriak— erreferentzialtasun bat ematen zion herriari antzerki munduan. Hainbat bilera burutu eta luze hitz egin ondoren, Xabino bultzatzaile nagusi zela, hitzarmen bat adostu genuen Leioako Udalarekin, eta lanean hasi ginen.
Leioan, programazioari zegokionez, euskararen presentzia oso txikia zen. Gure indarrak horretan jartzea erabaki genuen. Estrategia bat bilatu genuen: jaialdi bat antolatzea pentsatu genuen, komunikazio aldetik indar berezi bat eman eta jendea animatu euskarazko sorkuntzak ikustera. Kultur Maratila deitu genion.
2012an abiatu zen zikloa, bere baitan hainbat adierazpide hartuta: antzerkia, dantza, bertsoa, musika, performancea… Kultur Maratilak horiek denak uztartzea eta plazaratzea zuen helburu. Bost urte iraun zuen jaialdiak, eta denborarekin sona hartzen joan zen. Denborarekin, zeren eta lehen edizioa gogorra izan baitzen. Zenbakiak penagarriak ziren. Maialen Lujanbio eta Xabi Erkiziak zuten Ornitorrinkus saiora (Judith Montero saxofonista ez zegoen emanaldi hartan) hiru pertsona etorri ziren. Etsituak geunden, baina malaostiatik ateratzen den gar horri heldu eta, urtez urte, lortu genuen publiko bat gureganatzea. Azken edizioan ia ekitaldi guztietan antzokia betetzea lortu genuen. Ezina ekinaren ekinez egina.
Andrak elkarteko emakumeekin egindako elkarlana polita izan zen. Geli Baranda zuzendariarekin jarri gintuzten harremanetan eta tailer batzuk eman nizkien. Euren antzerki piezen entseguak ere ikusi nituen. Trukean eurak ere gure antzezlanak ikustera etorri ziren. Gehienek euskararik ez zekiten. Oroitzen dut emakume baten erantzuna, gure antzezlan bat ikusi ondoren: “No me imaginaba que en euskera se pudieran transmitir tantos sentimientos”. Ez zuen fede txarrez esaten, ikusitakoarekin liluraturik baizik. Azkenean, beste lorpen bat euskarazko antzerkia ikusten bukatu zutela izan zen. Gehitu egin behar dugu, ez kendu, eta are gutxiago ikusezin bilakatu.
Leioan egoteak Artedramari on egin zion. Egonkortasun bat eman zigun. Erraztasunak ere bagenituen, eta egonkortasun hura bermatu asmoz haratago joan nahi izan genuen eta egitasmo bat aurkeztu genion udalari. gabiz deituko zen. Antzerkian gabiz. Zirkuan gabiz. Leioa bezalako herri batean, eta gainera Umore Azoka kale antzerki jaialdi bat izanik, nola bertako herritarrek ez zeukaten antzerkian formatzeko, jostatzeko, aritzeko aukerarik? Haur, nerabe eta nagusientzako antzerki eta zirku tailerrak emateko proiektu bat aurkeztu genuen. Erantzuna izan zen ekonomikoki ezin zituztela diru kopuru horrekin gure “zerbitzuak” ordaindu, eta komeni zela deialdi publiko bat egitea. Lizitaziorako gu aurkeztu ginen, baina udaletik ez genuen erantzunik jaso. Egindako lan guztia pikutara! Ez atzera ez aurrera.
Jon Lazkano Kultura zinegotzia ere inplikatu zen proiektuan. Gugan sinistu zuen eta harreman ona izan genuen berarekin. Baina bere legegintzaldia bukatu zenean kargua utzi eta Estibaliz Bilbao zinegotzi berriarekin dena gaiztotu zen. Honek ez zuen ikusten gure eginbeharra Leioan beharrezkoa zenik. Arazoak pilatzen hasi ziren, legalki ez baita posible (ezinezko ere ez, baina...) enpresa pribatu batek enpresa publiko baten barnean egoitza izatea. Berez Espainiako legediak gu enpresa izatera behartzen gaitu —dirulaguntzen eta merkatuaren barruan jokatu nahi baduzu, noski—, eta honek guztiak ez zuen errazten afera. Gainera, udal teknikariek, kontu hartzaileek, gure jarduna ez zuten legalki ontzat ematen. Honek, adibidez, gure helbide fiskala Kultur Leioatik atera eta nire etxean jarri behar izatera derrigortu gintuen. Administrazioaren eta legearen aurrean antzerkia egitea torlojuak edo odolosteak egitea bezala da. Bakoitzak egin dezala bere etxean. ˇArtistas y toreros!
Legeak aldatzeko borondate politikoa behar da. Batzuetan kultur politikak hutsaren hurrengoak izaten dira eta gauzak aldatzeko ez da gogo eta indar berezirik jartzen. [55]