DANTZARIA
Menderatzen dituzu hezur, pausaje, gihar,
zure zerbitzura hatz, belaun eta ukondo;
malgutasun petoa, bestondoak bestondo:
munduan zu bakarra da aski, eta bi, lar.
Gorputza beti zure esanetara dago;
zure esklabo eta zerbitzari da; zu, jabe.
Obeditzen dizu leun, txintik atera gabe.
Mami den maitaleak, zelan esan akabo?
Diziplina: zartailu, plazer, tortura gailu.
Gaur laztanaren tenore; bihar zakar, mailu:
“Elkar birrindu dugu biok, bakean gaude”.
Jo zenuen gorputza; orain zu bere laute.
Bera diktadorea eta zu jopu ihar:
jakina da, nor den noren zerbitzura bihar.